Zapatuan hasiko da hiru eguneko egitaraua txosnagunean
Barixakuan, hilak 21, montatuko dute txosnagunea eta zapatutik astelehenera arte festak hartuko du Txantxa Zelai. “Oztopo eta bide luzearen ondoren”, diote Jaixak Herrixak Herrixandako plataformakoek. Izan ere, urte osoan zehar Udalarekin tira-birak izan dituzte txosnagunearen kokalekua zehazteko orduan eta aurten, aldaketekin bada ere (kioskoaren aldean ez da txosnarik jarriko), aurreko urteetako toki beretsuan egingo dituzte egun hauetarako prestatu dituzten ekintzak.
Ekainak 22
Eainaren 22an, zapatua, Etxera Eguna ospatuko dute eta 12:00etan irekiko dituzte txosnak. 13:00etan, ‘marianito pintxada’ egongo da Yare Sound Systemen eskutik eta 15:00etan elkartasun bazkaria egingo da Bizimiñak lagunduta. Bazkalostean, 17:30ean, Xabier Badiola musikari eibartarrak zuzeneko saioa eskainiko du eta 19:00etan Brigada Morearen bilera irekia egingo da. Txosnagunea laga eta 19:30ean DJ Txarazpikuarekin kalejira egingo dute kamioian herriko kaleetan zehar, 20:00etan ‘Etxera brindisa’ egingo da, eta gauean kontzertuak egongo dira: 22:30ean Malko, 00:30ean Nikotina eta 02:30 DJ Galtzagorri.
Ekainak 23
San Juan bezperan, eguerditik gauera egongo da festarako aukera. Txupinazoaren ondoren, 13:40ean, trikipoteoa egingo da Eibarko Trikitilari Gazteekin eta 15:00etan herri bazkaria egingo da. Bazkalostean, 18:00etan, Dancehall tailerra eskainiko du Amaia Sinobasek eta, dantzan jarraitzeko, 19:30ean kalejira egingo dute Ostikada elektrotxarangarekin. Gauean, musika izango da protagonista, eta 22:00etan Bisaiak, 00:00etan Maruja Limon eta 02:00etan DJ La Fulana arituko dira. Tartean, 23:00etan, San Juan Sua egingo da.
Ekainak 24
Txosnaguneko egitarauak hilaren 24an izango du amaiera, baina egun potentea prestatu dute astelehenerako ere. Suabe hasiko dira, 17:00etan Mihiluze lehiaketa eginez, eta 18:00etan kulturarteko pintxopotea egingo da Lagun Artean, Mujeres Tejiendo Red, Gazte Safa eta Jaixak Herrixak Herrixandakok antolatuta. 19:00etan, iazko Sanjuanetan arrakasta handia izan zuen Yogurina Borova egongo da Celeste Poliester eta Xarma Leonerekin Drag Showa eskaintzen. Eta amaitzeko, musika: 22:30ean Mugi Panderoa egongo da, 01:00etan Ai Ama eta 02:30ean Feten Señorak.