Xabier Badiola, musikaria: “Folkean musika eta letrak oso intimoak dira”

Xabier Badiola, musikaria: “Folkean musika eta letrak oso intimoak dira”
2023/11/17 11:02
eta kitto!
Zalaparta handirik gabe, ia egun batetik bestera, Xabier Badiola diskoarekin besapean agertu zaigu. Bere bakarkako lehen diskoa da eta, folk abeslari handien bidea jarraituz, bere izena darama. Berak esan bezala, ez du tranparik. 10 abesti ditu eta letrak euskaraz daude, gitarrak beste toki batzuetara bidaiatzeko aukera ematen digun arren. Zuzenean ikusteko aukera izango dugu aurki; beraz, adi egon.

Gitarrarekin sarritan ikusi dugu eszenatoki gainean, orokorrean talde batek inguratuta. Orain, ostera, gitarra besterik ez du lagun Xabier Badiolak, eta hori baliatuz, bere ahotsarekin batera, zeresana eman dezakeen diskoa sortu du. Sorkuntza ere ez da nolanahikoa izan, etxean grabatu, nahastu eta masterizatu baitu. Pertsonalagoa ezin da izan. (Argazkiak: Eneko P. Arnaiz)

Egun gutxi daramatza kalean, baina nolako harrera izan du diskoak?

Oso ona! Jendea etorri zait esanez behin baino gehiagotan entzun duela. Horrez gain, proposamen interesgarriak iritsi zaizkit. Adibidez, diskoa EITB Kulturan aurkeztea. Beraz, espero nuena baino harrera hobea izan du.

Diskoaren izenburuak zure izena darama. Zergatik?

Asko gustatzen zait 60. hamarkadako revival folka eta, normalean, abeslarien izena jarri izan diote lehen diskoei. Horrela egin izan nahi dut. Gainera, aurkezpen modura ere balio du. Orain arte rocka, psikodelia edo beste estilo batzuk landu ditut, eta jendeak ez daki folka egiten dudala. Orduan, Xabier Badiolak egiten duena hau dela esateko balio dezake.

60. hamarkada aipatu duzu eta, hain zuzen, diskoaren doinu askok sasoi horretara eramaten du entzulea.

Nahaste-borraste bat da. Nick Drake eta beste musikari ingeles batzuen, Mikel Laboaren, musikari amerikarren eta bestelakoen eragina nabaritzen da diskoan. Bestetik, baliabide gutxirekin grabatzean eta ni neu, musika arloan progresiboa izan beharrean, erregresiboa izatean, ekoizpen aldetik etxekoia izatea gustatzen zait, eta horrek bat egiten du 60. hamarkadako filosofiarekin.

Hori bilatu egin duzu edo horrela suertatu delako izan da?

Baliabide gutxi nituen eskura, baina hori bultzatu egin dut. Adibidez, giro-soinu batzuk Arrateko Jaietatik jaisten grabatu nituen, etxeko pasillo baten erreberberazioa aprobetxatu dut gauzak grabatzeko, koro bati kolorea emateko mikrofonoa pasilloan jarri eta egongelatik abestu dut... Gehienez bi lagun egon gara etxean grabatzen eta horrek esperimentatzeko aukera asko ematen ditu. Sinplea da, baina ondo pasatu dugu.

Beraz, estudioan lor daitezkeen gauzak artisau moduan egin dituzu?

Diskoa gauza oso zaindua bezala planteatu dezakezu, produkzio oso finarekin, edo nik hartu dudan bidetik. Gitarra, ahotsa eta kolore-paleta mugatua edukita, modu perfektuan grabatuz gero, denbora guztian soinu berdina sortuko litzateke. Ostera, izaera berezia eta ‘rollitoa’ duten doinuak eta soinuak topatzen badituzu, interesgarriagoa da. Entzulearentzat ere aberasgarriagoa da, entzuten duen bakoitzean zerbait berria aurkituko duelako: auzokidea etxean sartzen, trena pasatzen... Argazki bat bezalakoa da.

f0600008-b0ce-424a-9d0a-25554d613d39

Diskoan gitarra eta ahotsa dira nagusi. Gitarrarekin edonora zoaz?

Bua! Gitarra akustikoa boom bat izan da niretzat. 16 urterekin Nick Drake eta abarrak entzuten hasi nintzen, eta zerbait barrokoa iruditzen zitzaidan. Sasoi horretako estiloari ‘folk baroque’ esaten zaio. Geruza pila bat ditu, oso gauza zailak egiten zituzten, baina nik gitarra elektrikoa jotzen nuen eta, musika hori gustatu arren, ez nuen pentsatzen joko nuenik. Pandemia baino pixka bat lehenago, ostera, eskuekin (fingerpicking) asko jotzen hasi nintzen, jende asko ezagutu nuen eta zulo horretan sartu nintzen, afinazio alternatiboak eta gauza oso irekiak probatzen.

Atzerriko musikarien eragina aipatu duzu, baina diskoan euskara hutsean abestu duzu. Zergatik?

Diskoan euskaraz abesteko hautua egin dut. Orain arte ingelesez eta beste jende batek abesteko idatzi dut. Abestiak ingelesez idaztea errazagoa dela esaten nuen. “Ze noski, Eskoriatzara zoaz eta ingelesez ez dizute ulertzen, edo ulertzen dute, baina berdin da”, nioen. Hesi baten moduan funtzionatzen du horrek. Folkean, ostera, musika eta letrak oso intimoak dira. Normalean, ez da hain eskuragarri dagoen generoa, baina hesi hori pasatzen duzunean mezua oso gertutik iristen zaizu. Oso gertuko musika da. Nik euskaraz pentsatzen dut eta, ingelesez abestuz gero, mezutik aldendu egingo nintzateke. Beraz, lagun batekin hainbat zerbeza hartzen nengoela, zera esan zidan: “Lau ordu egon gara euskal musikaz berbetan. Zergatik ez duzu euskaraz abesten?”. Abestiak ingelesez idatzita nituela esan nion eta abar; baina, hurrengo egunean esnatu nintzenean, arrazoia eman nion eta abestiak euskaraz berridatzi nituen. Beste forma bat hartu zuten.

Beraz, letrek garrantzi berezia dute diskoan?

Bai, bai. Gitarra-jolea izatea oso ondo dago, baina musikoa izatea beste kontu bat da. Letrei dagokienez, ahalik eta zintzoena izaten saiatu naiz, baina testua zabalik laga nahi izan dut, jendeak bere modura interpretatzeko.

Arlo musikalaz gain, diskoan ekoizpenaz arduratu zara. Nolako lana izan da?

Ez dakit zein momentutan sartu nintzen horretan (barreak). Abesti batzuk eginda nituen eta udan, familiakoak etxetik joan zirenean, egun horiek aprobetxatuko nituela pentsatu nuen. Zoroen pare hasi nintzen, aurrekoizpena egiten, dena prestatzen... Letra batzuk diskoa grabatzen joan nintzen neurrian amaitu nituen. Hori izan zen grabazioaren arlo politena. Gero, ostera, nahasketa etorri zen, eta nekeza da. Baliabide gutxi nituen eta nola egin pentsatu behar izan nuen. Ondoren, masterizazioa egiteko, gauzak eskatu behar izan nituen. Lan handia izan da, baina hautu estilistikoak hartu behar dira eta asko gozatu dut.

1eb3d656-4173-4be8-a4ad-3ff424fd8b83