Zapatuan ospatuko den Mika Fest jaiak Koreako kulturan murgiltzeko aukera emango du
Iazko estreinekoz egin zen jaiak izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere Mika Fest izenekoa antolatu du Udaleko Kultura Sailak, Alex Robleño "Alxshow" influencerrarekin eta Euri dantza taldearekin elkarlanean. Atzo egindako aurkezpenean esan zutenez, jaialdiak mundu mailan ospetsu egin diren Hego Koreako kulturaren hainbat adierazpide ikusarazi nahi ditu: “Mika Fest dantza asiarraren eta cover dance-aren jarraitzaileei eta fenomeno kultural horri buruz gehiago jakin nahi duten guztiei zuzenduta dago bereziki. Cover-dance hori koreografia popularrak imitatzean edo egokitzean datza. Ekitaldia Coliseo antzokian egingo da 16:00etatik 21:30era, eta Errebal Plazan jarriko den pantaila erraldoi baten bidez ere jarraitu ahal izango da. Ondoren, afterparty bat egingo da Errebalen”. Coliseorako sarrera doan izango da, baina hala ere gonbidapena eskuratu beharko da sartu ahal izateko.
Antolatzaileen arabera, “Mika Fest jaialdiak arrakasta handia izan zuen iaz, eta aurten aurreikuspenak gainditzea espero da. Bertan izango dira, besteak beste, Austin Pak koreografo, dantzari profesional eta Seulgo 1Million eskola ospetsuko irakaslea, eta June Higuera Bilboko Euri Danceko eta Kpop-eko dantza irakaslea. Junek 15 urterekin jada nazioarteko artistekin partekatzen zuen agertokia, hala nola Azealia Banks rap-abeslariarekin. Hirugarren epaile bat ere egongo da, baina oraindik zehaztu gabe dago zein izango den”. Coliseo antzokiko ateak 15:45ean zabalduko dituzte, parte-hartzaileei harrera egiteko, eta publikoa 16:00etatik aurrera sartu ahal izango da. Dantza-lehiaketa 16:30ean hasiko da eta Kibak aurkeztuko du.
Bestalde, berritasun gisa, pintxo eta edari asiarren ibilbide gastronomikoa antolatu dute, Eibarko ostalariekin elkarlanean: “Asmoa herritarrei Asiako sukaldaritzan inspiratutako zapore paregabeez gozatzeko aukera ematea da”. Horrela, Eibarko 14 tabernatan (Slow, Kontent, Topaleku, Arkupe, Txoko, Ametsa, Guridi, Koskor, Chic, Banaka, Kultu, Lusai, Trinkete eta Baratze) Asiako sukaldaritzan inspiratutako eskaintza egongo da eguenetik domekara bitartean. Toki bakoitzean zerbait kontsumitzen denean, kartilla batean zigilua ipiniko dute, eta zortzi zigulu dituztenek Asiako produktuen otarra irabazteko aukera izango dute, amaieran egingo duten zozketan.