Zarata murrizteko pantailak ipiniko dituzte Ardantza eta Amañako tren-geltokien artean
Alkatetzatik aditzera eman dutenez, “zan ere, trenek zarata handia ateratzen dute Ardantza, udaletxearen atzealdea, San Andres pasealekua eta Egogain arteko tartean eta, alkatetzatik hala eskatuta, trena herritik igarotzean eragiten duen inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egiteko eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eremua Torrekua kaleraino zabaltzea proposatuz (Eibarko Ospitaleraino), guztira kilometro bat inguruko ibilbidean”.
Alkatetzatik azaldu dutenez, “zarata eta bibrazioak neurtzeko bost aparatu jarri ziren. Aparatu horiek asteburuetan ere jaso zituzten datuak, trafikoaren zaratak emaitzak ez desitxuratzeko. Lortutako emaitzetatik, ondorioztatu zen kalitate akustikoko helburuak ez zirela betetzen hainbat gunetan, eta, hortaz, neurri zuzentzaileak hartu behar zirela. Hala, erabaki da pantaila fonoxurgatzaileak eta babes-elementuak jartzea Ardantza eta Amaña geltokien artean. Elementu horiek trenaren inpaktu akustikoa arinduko dute. Moyua SA enpresak egingo ditu obrak eta, ahal den neurrian, gauez egingo dira, tren-zerbitzuari ez eragiteko”.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiari autobideko eta saihesbideko hainbat eremutan zarataren aurkako panelak jartzeko hainbat eskaera egiten ari zaizkiola jakinarazi dute.