Zarzuelaren antologiarako sarrerak salgai daude
Martxoaren 7an, 20.30etan Coliseo antzokian egingo den Antologia de la Zarzuela ikusteko sarrerak salgai daude astelehenaz geroztik. Udaleko Kultura sailak eta Ozenki elkarteak antolatutako ikuskizunak zarzuela eta opera errepertorio zabala batuko ditu taula gainean eta, horretarako, Espainia mailan oso ezagunak diren solistekin batera Sostoa abesbatzak eta Donostiko Sotto Voce soka-orkestrak jardungo dute. Emanaldian parte hartuko duten bakarlarien artean, besteak beste, Bartzelonako Liceoan berriki egindako kantu lehiaketa irabazi duen Miren Urbieta sopranoa, Helena Orcoyen soprano tolosarra, Javier Agulló tenorea eta Andres del Pino baritonoa daude. Sostoa abesbatzak, bestalde, bakarlariei lagunduko die abesti batzuetan eta beste batzuk, berriz, abesbatzak bakarrik eskainiko ditu. Denek elkarrekin zarzuela ezagunetako abesti sorta zabala eta opera-aria batzuk eskainiko dituzte. Ordu bi inguru iraungo duen emanaldia Donostiko Lirica Sassibil-eko zuzendaria den Josean Garciak zuzenduko du. Emanaldirako sarrerak 25 eurotan eros daitezke, zuzenean Coliseoko txarteldegira joanda (astelehenetan 19.00etatik 20.00etara eta barixakuetan 21.00etatik 22.00etara) edo interneten, Kutxabank-en webgunean.