Zatitutako mundu batean zubiak eraikitzen dituzten museoak

Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, maiatzak 18, eta aurten 'Museoak mundu zatitua batzen' izenburuari jarraituko dio egunak. Gatazka politikoak, desberdintasun sozialak, polarizazioa, migrazioak edo kultura-arteko tentsioak gero eta nabarmenagoak diren garai honetan, leloak azpimarratu nahi du museoek ez direla objektuak gordetzeko tokiak soilik, pertsonak eta komunitateak elkartzeko espazio ere badirela.
Zatitutako mundu batean zubiak eraikitzen dituzten museoak
2026/05/18 11:04
Silbia Hernandez Arrazola

Museoen Nazioarteko Eguna (International Museum Day) 1977. urteaz geroztik ospatzen da, International Council of Museums (ICOM) erakundeak sortu zuenetik. Museoek gizartean duten papera azpimarratzea, eta kultu- ra-ondarea zaindu, ikertu eta herritarrei hurbiltzearen garrantzia azpimarratzea da helburua. 
Urtero maiatzaren 18an ospatzen da mundu osoan, eta edizio bakoitzak gai edo lelo berezi bat izaten du, gaur egungo erronka sozial, kultural edo teknologikoei lotuta. Museo askok egun horretan jarduera bereziak antolatzen dituzte: bisita gidatuak, tailerrak, hitzaldiak edo doako sarrerak, besteak beste. Horrela, Eibarko Armagintzaren Museoak hainbat jarduera antolatu ditu Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko. 
Aurtengo leloa Museoak mundu zatitua batzen da, eta horren harira, maiatzaren 18tik 22ra bitartean bost bisita gidatu berezi egingo dituzte, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean. Museoa elkarrizketa, inklusioa eta kulturaniztasuna sustatzeko topagune bihurtzea da asmoa. 
Museotik adierazi dutenez, “aurtengo gaiak nabarmentzen du museoak banaketa sozial, kultural edo politikoen arteko zubiak direla; elkarrizketa, inklusioa eta elkar-ulertzea sustatzen duten gune gisa ulertu behar dira. Ondarea eta memoria babestean, museoek ikasteko eta hausnartzeko guneak sortzen dituzte; ahots ezberdinak zabaltzen dituzte eta gizarteari lagundu egiten diote konplexutasunari modu eraikitzailean heltzen”. 
Bisita gidatu bakoitzean, herriko elkarteren bateko kideek hartuko dute parte, “museoa elkarrizketa sustatu eta harreman berriak ezartzeko gunea dela ikusaraziz. Gure historiaren eta iraganaren ibilbidearen bitartez, etorkizuna eraikitzeko pausoak eman nahi ditugu, inklusioa, irisgarritasuna, berdintasuna eta kulturaniztasuna oinarri izanik”. 
Doako bisita gidatuak hilero 
Museoen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jarduerek, urtean zehar egiten diren beste batzuekin batera, Eibarko Armagintzaren Museoa herritarren artean ezagutzera emateko aitzakia aparta ere badira. Asmo horrekin antolatzen dituzte, adibidez, doako bisita gidatuak. Hilean behin, zapatu arratsalde batean eskaintzen dituzte horrelakoak, Museoan urte osoan ikus daitekeen erakusketa pixkat hobeto ezagutu nahi duten guztientzat. Aurretik izena ematea, besterik ez dute eskatzen. Maiatzaren 23an (zapatua) izango da hurrengo bisita, 17:00etan euskaraz eta 18:30ean, berriz, gaztelaniaz. Izena emateko, 943708446 telefono zenbakira deitu edo, bestela, museoa@eibar.eus posta elektronikora mezua bidali daiteke.