"Zazpi aldiz elur" antzezlana gaur Coliseoan
Gaur (astelehena, hilak 24) Zazpi aldiz elur antzezlana eskainiko du Tanttakak, 37. Antzerki Jardunaledien barruan, Coliseoan 20.30etan (sarrerak 11 euro balio du). Jarraian, Agus Perez antzerki kritikoak Mikel Laboaren musika ardatz duen antzezlan honi buruz idatzitakoa irakur dezakezue: "Bernardo Atxagaren artikuluan oinarrituta, eta Laboaren musika lagun, haren inguruko paisaia eratu dute taula gaineko bost interpreteek. Atxagaren testuak, gogoeta pertsonalak eta bere abestietako hitzak ganoraz josi eta Laboarengan elkartzen ziren artista eta pertsona aurkezten dituzte, osotasun baten modura. Fernando Bernuesen eszenografiak plastiko zeharrargietan inguratu du eremu eszeniko zuritua, eta elur-maluten proiekzioek edertu dituzte pasarteen arteko trantsizioak. Zazpi atalak iragartzeko, filmetako hasierako segundoak seinalatzen dituzten zenbakiak erabili dira eta zinema mutuak ere bere presentzia du pianoko estalkian proiektatzen diren irudi hautatuei esker. Eszena hori izan daiteke lan honetako unerik estimagarrienetariko bat, Iñaki Salvadorren pianoan hainbat kanta ezagun irudi mutuen lagun bihurtzen direnean. Elementuen arteko elkarketa aberasgarri hori behin baino gehiagotan gertatzen da. Gabilondok prestaturiko dramaturgia lasaia ederto egokitzen da Atxagaren testuaren barne erritmora eta Laboaren figurak eskatzen duen gogoeta pausatura. Gabilondok aktore lana ere egiten du, txukun eta dotore, eta berarekin batera diharduen Iñaki Rikartek gaitasun eszenikoa erakusten du, batez ere bigarren atalean, Aveyrongo basamutila gorpuzterakoan. Musika arloak garrantzi handia hartzen du emanaldian zehar: Iñaki Salvador (pianoa eta akordeoia) eta Angel Unzu (gitarra) Maria Berasarteren ahotsaren osagarri dira. Laboa zenaren gogorapen goxo bat etxera eramateko modua".