Zezen-plazatik Sostoatarrenera doazen eskailerak aldatuko dituzte
Udalak iragarri duenez, zezen-plaza eta Sostoatarren kalea lotzen dituzten eskailera mekanikoak berriztu egingo dira: “Izan ere, asko erabiltzen den azpiegitura da, batez ere Ipuruan partiduak dauden egunetan”. Eskailera hauek 2002an jarri zituzten, eta hogei urte baino gehiago martxan egon eta gero, berriak ipintzeko ordua ailegatu dela erabaki du Udalak. Gauzak horrela, lizitazio-prozesua jarri dute martxan, 272.855 euroko oinarrizko aurrekontuarekin. Eskaintzak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 19ra arte egongo da zabalik, eta orduan aztertuko dira obrari lehenbailehen ekiteko proposamenak. Alkateak esan duenez, “bizilagunek aspalditik eskatzen zuten hobekuntza da, eskailera horiek funtsezkoak baitira zirkulazio handiko eremu horretan irisgarritasuna lortzeko”.