Zortzi borroka jasoko ditu Astelenak ostiraleko Boxeo Jaialdian
Urtero bezala, “sanjuanetako ekitaldi klasikoa” egingo da ostiralean, Astelena Frontoian, Jon Iraola alkateak definitu duen bezala. Hainbat urtetan Jose Perez Cid ‘Amañako Tigreak’ antolatu ondoren, Montxo Quina borrokalari ohiak hartu du ekitaldia antolatzeko ardura eta Udal ordezkariek goraipatu egin dute egindako lana, “ikusgarritasuna ematen diolako hain maioritarioa ez den kirol bati”.
Ostiraleko jaialdia 22:15ean hasiko da eta ateak 21·30ak inguruan zabalduko dituztela aipatu du Quinak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Amañako Tigrea Oroigarriaren 3. edizioa jokatuko da aurten eta boxeoko bost borroka egongo dira.
Amateur mailan, Xena Barbudo eta Ane Andikoetxea arituko dira nor baino nor, emakumeen arteko borroka bakarrean. Quinak zein Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak adierazi dute gero eta emakume gehiagok hartzen duela parte kontaktu-kiroletan, baina ez direla hainbeste animatzen ringera igotzera eta lehiatzera. “Dena dela, etorkizunean emakumeen arteko borroka gehiago programatzea dut helburu”, Quinaren berbetan.
Amateurrekin jarraituz, Ekaitz - Imanol Garcia, Amer Agbalou - Unai Navas eta Iker Santos - Beñar Aguirre izango dira beste borrokak. Quinaren Ttat gimnasiotik Agbalou izango da boxeoan arituko den bakarra.
Boxeoarekin jarraituz, neo-profesional arteko borroka izango da lehia estelarra. “Profesionaletara heltzear dauden borrokalariak arituko dira nor baino nor”, Quinak dioenez. Horrela, Ignacio Mendoza eta Adrian Martin arituko dira elkarren aurka.
Boxeoaz gain, wushu arte martziala ikusteko aukera ere egongo da hiru borrokarekin. Bertan, Eibarko Ronin borroka klubeko Ion Leal Alex Negreren aurka arituko da, Ttatt-eko Yago Dominguez Manu Caroren kontra eta Ronineko Gorka Agirregomezkorta eta L. Ramon Herrera nor baino nor arituko dira.
Sarrerak
Ekitaldirako sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dira Ttatt gimnasioan (Muzategi kalea, 2) 15 euroan aulkiko sarrera eta 12 euroan harmailetakoak. Bestela, Astelena frontoian ere erosi ahal izango dira ostiralean bertan (18 euro aulkietakoak eta 15 euro harmailetakoak).