Zuhaitz Eguna astebete atzeratu eta martxoaren 15ean izango da
Eibarko Ingurumen Sailak Zuhaitz Egunaren data aldaketa iragarri du eta, horrela, azkenean martxoaren 15ean egingo dela jakinarazi dute, “hasieran aurreikusita zegoen bezala, eta ez martxoaren 8an”. Era berean, Udalak ekimenean parte hartzeko epea luzatu du, eta izena emateko azken eguna martxoaren 12a, eguena, izango da.
Gogorarazi dutenez, plazak mugatuak dira, eta jarduera honetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, Lurgaia Fundazioan, info@lurgaia.org helbidera mezu elektroniko bat bidaliz, datu hauekin: parte-hartzaileen izen-abizenak, adina, telefonoa eta aukeratutako elkargunea. Argitu dutenez, izen-ematea behar den moduan gauzatu dela baieztatzeko, onarpenaren berrespena jaso behar da. Izen-emateak martxoaren 12ra arte egin ahal izango dira (12a barne).
Ekimena Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Lurgaia Fundazioa, Eibarko Baso Biziak eta Eibarko Klub Deportiboak elkarlanean antolatu dute, eta Pagaegikortako udal-lursailean egingo da, Urko inguruko basoak leheneratzeko proiektuaren bigarren fasearen barruan. Herritar guztiei irekita dagoen jardunaldi honetan, 20 espezie autoktono baino gehiagoko 500 zuhaitz eta zuhaixka landatzea aurreikusten da. Besteak beste, haritzak, pagoak, hurritzak, gaztainondoak, lizarrak, ezkiak eta fruitu-arbolak landatuko dituzte, bertako basoa berreskuratzeko helburuarekin. Parte-hartzaileak taldean igoko dira Pagaegikortako lursailera, bi elkargunetatik abiatuta: 08:30ean Eibarko Klub Deportiboan, eta 09:30ean Ixua auzoko aparkalekuan. Landaketa lanak Pagaegikorta baserriaren inguruan egingo dira, eta jardunaldia 13:30ak aldera amaituko da, J.M. Mogel ikastolan egingo den hamaiketakoarekin.