Zuhaitz Eguna igandean egingo da Pagaegikortako udal lursailean

Parte-hartzaileak goizean goiz abiatuko dira Urko mendiaren magalera
Zuhaitz Eguna igandean egingo da Pagaegikortako udal lursailean
2026/03/13 11:41
Ekhi Belar Errasti

Igandean, martxoaren 15ean, egingo da Zuhaitz Eguna, herritarrak naturaren zaintzan parte hartzera gonbidatzen dituen jardunaldia. Ekintza Pagaegikorta baserriaren inguruan egingo da, Urko mendia-ren magalean dagoen udal lursailean.

Antolatzaileek bi elkargune jarri dituzte parte-hartzaileentzat. Lehenengoa 08:30ean izango da Eibarko Klub Deportiboa-ren egoitzan, Toribio Etxebarria kalean; bigarrena, berriz, 09:30ean Ixua auzoko Urkora igotzeko aparkalekuan. Handik taldean igoko dira landaketa egingo den guneraino.

Jardunaldiaren helburua bertako zuhaitz eta zuhaixka espezieak landatzea da, inguruko baso autoktonoa berreskuratzeko. Aurreikuspenen arabera, ehunka ale landatuko dituzte, hainbat espezie autoktonotakoak, hala nola haritzak, pagoak, gaztainondoak edo hurritzak.

Jardunaldia 13:30 aldera amaituko da, J.A. Mogel ikastolan egingo duten hamaiketakoarekin.

Parte-hartzaileei mendiko botak, praka luzeak eta eguraldiaren araberako arropa eramatea gomendatu diete, baita ura ere.