Zuhaitz Eguna ospatuko dute martxoaren 8an Eibarren, 500 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatuta

Pagaegikortako udal-lursailean egingo da ekimena.
Zuhaitz Eguna ospatuko dute martxoaren 8an Eibarren, 500 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatuta
2026/02/25 14:11
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Martxoaren 8an ospatuko da aurtengo Zuhaitz Eguna Eibarren. Ekimena Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Lurgaia Fundazioa, Eibarko Baso Biziak eta Eibarko Klub Deportiboak elkarlanean antolatu dute, eta Pagaegikortako udal-lursailean egingo da, Urko inguruko basoak leheneratzeko proiektuaren bigarren fasearen barruan.

Herritar guztiei irekita dagoen jardunaldi honetan, 20 espezie autoktono baino gehiagoko 500 zuhaitz eta zuhaixka landatzea aurreikusten da. Besteak beste, haritzak, pagoak, hurritzak, gaztainondoak, lizarrak, ezkiak eta fruitu-arbolak landatuko dituzte, bertako basoa berreskuratzeko helburuarekin.

Ingurumen arloko zinegotzi Eva Juez Garmendiak nabarmendu duenez, “ekimen honek ingurumenarekiko kontzientziazioa sustatzeaz gain, naturarekin konektatzeko eta familian zein lagun artean kalitatezko denbora partekatzeko aukera ematen du”.

Parte-hartzaileak taldean igoko dira Pagaegikortako lursailera, bi elkargunetatik abiatuta: 08:30ean Eibarko Klub Deportiboan, eta 09:30ean Izua auzoko aparkalekuan. Landaketa lanak Pagaegikorta baserriaren inguruan egingo dira, eta jardunaldia 13:30ak aldera amaituko da, J.M. Mogel ikastolan egingo den hamaiketakoarekin.

Plazak mugatuak dira, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, interesdunek Lurgaia Fundazioarekin harremanetan jarri beharko dute martxoaren 5a baino lehen. Antolatzaileek mendiko botak, arropa erosoa eta ura eramatea gomendatu dute.

Zuhaitz Egunaz gain, aste honetan bertan Amaña Ikastetxeko eta J.A. Mogel Ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek 300 zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte proiektuaren baitan. Landaketez gain, bertako basoaren leheneratzeari lotutako hezkuntza-jarduerak ere egin dituzte, biodibertsitatearen garrantziaz hausnartzeko.

Pagaegikortako baso-leheneratze proiektua 2023an abiatu zen, eta lehen fasean 16 hektarea berreskuratu eta 8.600 zuhaitz eta zuhaixka baino gehiago landatu ziren. Bigarren fase honetan, beste 10 hektarea leheneratzea aurreikusten da, Urko inguruko baso-ekosistemak sendotzeko eta biodibertsitatea indartzeko helburuarekin.