Ander Osoro, ikaslea: “Alemanek bere kabuz hartu zuten konfinatzeko erabakia”

Ander Osoro, ikaslea: “Alemanek bere kabuz hartu zuten konfinatzeko erabakia”
2020/06/22 eta kitto!
Ander Osoro martxoaren 1ean joan zen Nienburg-Weserrera (Alemania) Erasmusa egitera. Orduan ezin zuen imajinatu COVID-19ak eragindako pandemiak mundua hankaz gora utziko zuela. Hiru hilabete egin ditu han, ekainaren 1ean itzuli zen Eibarrera, eta aldea igarri du han eta hemen pandemiari aurre egiteko hartutako erabakietan eta jarreretan. Ez da amestutako Erasmus esperientzia izan, baina gustora ibili da.

 

Nola izan duzu Alemaniara joateko aukera?

Elgoibarko MEKAn Makinerien Elektromekanika ikasketak egiten dihardut eta Nienburg-Weserreko traktore enpresa batean praktikak egiteko aukera izan dut. Alemaniara heldu eta berehala jarri zen mundua hankaz gora.

 

Nola bizi izan zenuen?

Hara heldu nintzenean ia ez zen berba egiten COVID-19ari buruz, baina Italia eta Espainiatik berriak iristen hasi ziren eta Alemanian kasuak agertu ziren.

 

Nolako neurriak hartu dituzte Alemanian?

Hasieran ez zen konfinamendua ezarri. Italian eta Espainian gertatzen zena ikusita, jendeak bere kabuz hartu zuen konfinatzeko erabakia, inork agindu gabe. Angela Merkel presidenteak esan zuen herritarren %70 kutsatu egingo zela eta, beldurra zabaldu zenez, jendea etxean geratu zen. Jendea asko kontzientziatu da osasun- eta segurtasun-neurriekin. Maskarak edonon aurkitu zitezkeen eta dendetan, adibidez, sartzen zen jendearen erregistroa egiten zuten, positibo emanez gero bere arrastoa hobeto jarraitzeko. Horrela errazagoa da 0 pazientea aurkitzea.

 

Nienburg-Weser inguruan jende asko kutsatu da?

Ez, oso gutxi. Nienburg-Weser distrituak 127.000 biztanle inguru ditu eta 70 lagun inguru bakarrik kutsatu dira. Etxean egon dira ondo kontrolatuta. Landagunea da eta jendeak ez du asko bidaiatzen. Jendea baserri antzeko etxeetan bizi da, etxe indibidualetan, eta gutxi dira.

 

Herrialdeen arteko mugak itxi zirenean etxera itzultzeko aukera izan zenuen?

Bai, baina han geratzea erabaki nuen. Eibarrera joanez gero etxean sartuta egon beharko nintzen eta, gainera, ezin izango nintzateke Alemaniako traktore enpresa horretara itzuli. Oso gustora nebilen han.

 

Lanean ez duzue jarduna eten?

Lehen sektorearekin zerikusia duen enpresa denez, egunero ibili gara lanean. Traktoreren bat konpontzera irten behar ginenean nolabaiteko errespetua ematen zidan.

 

Familiarengandik hainbeste kilometrotara egonda, arduratuta egon zara?

Aitxitxarekin arduratuta nengoen. Zerbait gertatu izanez gero ezingo nintzelako etxera itzuli. Familiako beste kideengatik lasai negoen, gauzak ondo egiten ari zirela banekielako.

 

Nola egin dute deseskalada Alemanian?

Baina deseskalada baino eskalada hasi da han, kasu berriak agertu direlako.

 

Zer moduz itzuleran?

Aireportuan koarentena egitea gomendatu ziguten, baina ez derrigortu. Lagunekin egon naiz, baina 15 egun itxaron ditut arrisku egoeran dauden pertsonekin egoteko. Hasieran harritu egin nintzen kalean hainbeste jende ikusteaz, Alemanian ez zebilen inor.