Eibar KE-k etzi hasiko du aurredenboraldia

Eibar KE-k etzi hasiko du aurredenboraldia
2022/07/05 eta kitto!
Azken denboraldiak lagatako zapore mingotsa atzean lagata, Eibar KE eguenean, 17:00etan, hasiko da 22/23 denboraldia prestatzen Atxabalpen, ekainean esku artetik ihes egin zion helburua lortzeko asmoz.

Egueneko saioaz gain, taldeak barixakuan (10:00etan Atxabalpen eta 17:00etan Ipuruako anexoan) eta zapatuan (10:00etan Atxabalpen) ere entrenatuko du.

Udako lehen lagunartekoa Calahorran jokatuko du hilaren 16an, 19:30an, Calahorraren aurka, eta momentuz beste bi partidu zehaztu ditu: uztailaren 29an, Amorebietaren aurka eta abuztuaren 5ean (11:00etan Zubietan) Realaren aurka.

 

Jokalari aldaketak eta egutegia

Gaizka Garitanok jarraituko du taldearen gidaritzan eta momentuz fitxaketa bakarra egin dute (Ponferradinatik etorritako Rios Reina), hainbat jokalarik taldea laga duten bitartean (Burgos, Etxeita, Toño, Llorente, Fran Sol, Blanco Leschuk eta Chema Rodriguez). Sergio Alvarezek, bere aldetik, 2024ra arte luzatu du kontratua.

Cesar Palaciosek lana izango du taldea osatzeko fitxaketak egiten eta, oraindik izen berriak zeintzuk izango diren ez badakizkigu ere, ezagutzen duguna lehen hiru neurketen ordutegia da. Eibarrek abuztuaren 13an Ipuruan hasiko du denboraldia Tenerifen aurka, 17:00etan hasiko den partiduan. Hurrengo jardunaldian Villarreal B-ren aurka jokatuko du, abuztuaren 19an, 20:00etan, bertako kirol-hirian. Eta hirugarren jardunaldian, abuztuaren 28an, Ponferradina jasoko du Ipuruan 19:30etik aurrera.

eibar egutegiaE