Negu grisari, jantzi biziak

Negu grisari, jantzi biziak
2023/01/25 11:38
eta kitto!
Iñaki, Argia eta Arkaitz hirukiek urteak beteko dituzte asteburuan eta Rose Nanleh Lawrehk, bere amak, ospakizun berezia eskaini nahi die. Rose Ghanatik etorri zen orain dela hamar urte eta seme-alaba euskaldunak ditu. Moda-diseinuaren maitale hau bihotzari jarraituz iritsi zen Euskal Herrira eta bost hizkuntza menderatzen ditu, baita euskera ere. “Seme-alabei etxeko-lanekin laguntzen saiatzen naiz eta eurekin asko ikasten dut”.

 

Volta ibaiaren bokalean

Ada hirian jaio zen Rose, Volta ibaia itsasoratzen den tokian. “Naturaz inguratuta bizi gara toki ederrean, estuarioan irla politak daude eta, ondorioz, turista asko etortzen da”. Paradise hotelak, “han dagoen onenak”, Ghanako politikariak eta abeslari famatuak jasotzen dituela dio Rosek. Turismoaz gain, gatza da Adak duen beste industria garrantzitsuena. “Modu naturalean sortzen diren gatzaga asko dago”. XVI. mendean hasi zen Europa eta Adaren arteko merkataritza. Herbeheretarrekin lehenik, daniarrekin gero eta britainiarrekin azkenik, Ada hiri garrantzitsua bihurtu zen Volta ibaiaren bokalean. Produktu askoren salerosketa egin zen, baita gizakiena ere, esklabuen salerosketarako merkatu garrantzitsua izan baitzen.

 

Ikastea maite

Txikitatik neska argia izan dela dio Rosek. “Ghanan sei urterekin hasten gara eskolan, baina ni bost urterekin hasi nintzen, gogo handia nuelako. Amari negarrez eskatzen nion eskolan hasteko”. Gainera, zazpi urtekoen gelan sartu zuten, eskolan sartzeko proba egin zuenean besteek baino lan gehiago egin zuelako. Bigarren Hezkuntza amaitu zuenean ama gaixotu egin zen eta ikasketak uztear egon zen, baina gauzak salerosten hasi zen ikasten jarraitu ahal izateko. Moda-diseinua ikasi zuen eta aurrezten zuen diru guztia ikasi ahal izateko erabili zuen. “Ikastea maite dut”.

 

Maitasunagatik Euskal Herrira

Ikasketak amaitu zituenean moda-diseinuaren irakasle moduan ibili zen Cape Coasteko unibertsitate politeknikoan 2009. urtera arte, baina lana utzi eta Euskal Herrira bidean jarri zen. “2007an ezkondu nintzen, baina nire senarra Ondarroan bizi zen”. Maitasunak ekarri zuen gurera. “Ghanan ondo bizi nintzen, ez naiz ezer bila etorri”. Hala ere, bizitoki atsegina aurkitu du hemen. Ondarroan herri irekia aurkitu zuen, “eskuzabalik hartu ziguten”, eta pozik bizi da Eibarren. “Denetarik daukagu eskura hemen”. Rosek zortzi anai-arreba izan ditu, “baina bi hil egin dira”, eta Ghanan bizi dira beste seirak, ama bezala. “Ahal den heinean eurei laguntzen saiatzen naiz eta 2015ean bisitan etxera joateko aukera izan nuen, baina hemen ikusten dut nire etorkizuna”.

 

Adiskidetasunaren lengoaia

Iñaki, Argia eta Arkaitz jaio zirenetik Rosek ez dauka gauza askorik egiteko denbora larregirik. “Seme-alabak eskolan dauden bitartean lan egitea gustatuko litzaidake, baina ez dudanez ezer aurkitzen, ikasten nabil”. Ikasteaz gain, ikaskideekin momentu onak pasatzeko aprobetxatzen du. “Oso jatorrak dira”. Sozializatzeaz gain, lagunekin hizkuntzak praktikatzeko aprobetxatzen du eta, Ghanako hizkuntza ofiziala ingelera denez, ingelera-irakasle lanak ere egiten ditu ikaskideekin. Hala ere, ga-dangmea da bere ama hizkuntza, eta twi eta ewe hizkuntzetan ere moldatzen da.

 

[video width="640" height="352" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2019/01/rose-nanleh.mp4"][/video]

 

Ga-dangmeraz bideo-mezua utzi digu Rosek: "Rose Nanleh Lawerh naiz eta Ghanan jaio nintzen, Ada izeneko hirian. Oso toki ederra da, naturaz inguratuta dagoena, eta gatzaga asko dago. Volta ibaiaren bokalean dago eta hango estuarioak oso famatuak dira. Ondorioz, turista asko etortzen da gurera eta Paradise hotelean Ghanako politikari eta abeslari famatuek hartzen dute ostatu. Oso ondo pasatzen dute uretako motorrekin".