Deskontuarekin erosteko bonuen salmenta hasi eta jendetza pilatu da EMGIren bulego inguruan

Deskontuarekin erosteko bonuen salmenta hasi eta jendetza pilatu da EMGIren bulego inguruan
2020/05/13 12:06
eta kitto!
Herriko ehun establezimendu inguruan %30eko deskontuarekin erosketak egiteko kanpaina abiatu da gaur Eibar Merkataritza Gune Irekiaren eskutik eta, erosketa-txartela erosi nahi zuen jende mordoa pilatu da goizean goizetik, ilara luzeak sortuta. Batzuk haserretu ere egin dira eta, azkenean, udaltzainak bertara joan behar izan dira, jendea baretzera.

Jendeak herriko dendetan gastatzeko asmoz martxan ipinitako kanpainari esker, bezeroek 35 euro ordaindu eta, trukean, berriz, 50 euro gastatzeko bonua (25 euroko bi txartel bihurtzeko aukerarekin) jasoko dute. Beste berritasunik ere badago: bonuak internet bidez erosteko aukera dago, http://nikeibarrenerostendot.eus/ helbidean. Bestalde, oraingo honetan alarma-egoera dela eta itxita egon diren edo normaltasunez lan egiteko aukerarik izan ez duten establezimenduek hartu dute parte kanpainan.

Erosketa bonuak maiatzaren 23ra bitartean egongo dira salgai, gaurtik hasita, EMGIren bulegoan (Untzaga, 7) zein interneten. Bulegoan erosteko 09:30etik 12:30era joan beharko da (lehen ordubetean 65 urtetik gorakoek izango dute lehentasuna) eta, ahal izanez gero, txartelarekin ordaintzeko eskatu dute. Eta interneten erosiz gero, ordainagiriarekin joan beharko da bulegora, bonua jasotzera (12:30etik 13:30era).