EAEko sektore publikoak greba deitu du apirilaren 22rako

EAEko sektore publikoak greba deitu du apirilaren 22rako
2021/03/01 16:36
eta kitto!
Enplegu publiko berria sortzea, lan baldintzak hobetzea eta aldi baterako kontratuekin ari diren langileen enplegua finkatzea eskatzeko greba egingo du EAEko sektore publikoak apirilaren 22an. ESK, SATSE, ELA, LAB, CCOO, eta STEILAS sindikatuek deitu dute greba eta mobilizazio dinamika orokor bat iragarri dute gaur eskaini duten prentsaurrekoan.

EAEko administrazioetan enpleguaren egoera gero eta kezkagarriagoa da euren ustez eta, horrez gain, zerbitzu publikoetan enplegua suntsitzen ari dela, berria sortzeko borondaterik ez dagoela eta ezegonkortasuna handia dela azpimarratu dute. “Ez dugu gehiegikeriarik esaten gobernuak zerbitzu publikoak kontzienteki ahultzen ari direla baieztatzean. Ildo horretan, azken urteotan pribatizatuz joan diren zerbitzu publikoak kontaezinak dira, eta horietako asko ezinbestekoak dira bizitzari eusteko”, diote.

Sindikatuen ustez behin-behinekotasun maila onartezina da eta lan eskaintza publikoak ez direla nahikoak. “Lanpostuen zerrendak eta egiturazko plantillak handitzea aldarrikatu dugu, milaka langilek betetzen dituzten baina gure agintariek ezkutatzen dituzten egiturazko lanpostu horiek guztiak gehituz”, euren berbetan.

 

Argazkia: LAB sindikatua.