Errenta 2019 kanpainako autolikidazio proposamenak onartzeko epea zabaldu da

Errenta 2019 kanpainako autolikidazio proposamenak onartzeko epea zabaldu da
2020/04/06 13:05
eta kitto!
Gipuzkoako Ogasunak abiatu duen Errenta 2019 kanpainaren baitan, autolikidazio proposamenak onartzeko lehen eguna da gaur. Urteroko martxan, errentako autolikidazio proposamenak zergadunen etxeetara bidaliko dituzte, postaz. Hala ere, buzoian begiratu barik ere jakin daiteke proposamenik jaso edo jasoko ote duzun, interneten Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga tramitatzeko webgunean. Horrekin batera, proposamena onartzeko (emaitza aldatu barik edo zerbait aldatuta), behin onartuz gero frogagiria eskuratzeko eta beste hainbat tramite egiteko aukera dago. Errenta autolikidazio proposamenak onartzeko epea uztailaren 29ra artekoa da eta, internet bidez zein telefonoz, bi modu horietan onartzeko aukera dago.



Udalak Aurten bai, Eibarren 1.500 euskaraz! kanpaina abiatu du

Bestalde, modalitate honetan zein beste modalitateetan, aitorpena euskeraz egiteko aukera dago eta, Eibarko Udalak Aurten bai, Eibarren 1.500 euskaraz! kanpaina abiatu du. Azaldu dutenez, “bizi dugun egoera berezia izan arren, hizkuntzari ere erreparatzeko aukera dugula azpimarratu nahi dugu”. Errenta aitorpena euskeraz egitera animatzeaz gain, Gipuzkoako Ogasunarekin euskeraz egin daitekeela, eta zer eta nola egin behar den azaltzen joango direla aurreratu dute.