Industria eta teknologia arloko enpresa sortu berrientzat inkubagailua inauguratu dute Azitainen

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Industria eta teknologia arloko enpresa sortu berrientzat inkubagailua inauguratu dute Azitainen
ETA KITTO 2022, Ots 09

Enpresa-proiektu berriak abiatu nahi dituztenentzat espazio berria, enpresen inkubagailua inauguratu du Jon Iraola alkateak gaur goizean Azitaingo industrialdean, Debegesa aldamenean. Garapen agentziaren aldamenean egon zen jatetxea moldatu eta gero sortu duten guneak, industria eta teknologia arloko enpresa sortu berriak hartuko ditu eta, inaugurazio ekitaldian esandakoaren arabera, “eskualdean ekintzailetzari laguntzeko zerbitzua indartzea lortu nahi da egitasmoarekin, horretarako Debabarreneko ekintzaileei lanerako guneak partekatzeko aukera eskainiz”.

Gaur inauguratu duten inkubagailuak Basque Precision Technology District eskualde mailako estrategiari lotutako industria-arloko proiektuak eta jarduerak garatzeari babesa emango diola adierazi dute: “Gainera, espazio berri honek udalerrian eta eskualdean gaur egun dauden beste inkubazio-gune batzuen osagarri izan nahi du, hala nola Eibargunea enpresen haztegiarena eta Tekniker haztegi teknologikoarena. Koordinatuta eta lankidetzan arituko da eskualdean dauden gainerako azpiegitura eta baliabideekin”.

Enpresa sortu berrientzat prestatu duten guneak bost bulego dauzka eta, horrez gain, lankidetzan aritzeko gune zabal bat, bilerak egiteko tokiak eta sukalde txiki bat ere baditu.

Egitasmo honetan 250.000 euro erabili dituzte eta %90 (220.000 euro inguru) Eibarko Udalak inbertitu ditu. Gainerakoa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debegesa Debabarreneko Ekonomia Garapenerako Elkarteak ordaindu dute, bakoitzak 15.000 euro inguru bideratuta.

Azitaingo industrialdean dago inkubagailua, Debegesaren aldamenean.

Azitaingo industrialdean dago inkubagailua, Debegesaren aldamenean.

Alkatearen berbetan, “egitasmo hau Eibarko Udalak, enpresa berriei lagunduz, ekintzailetza, ikerketa eta enpresa-garapena bultzatzeko egin duen apustu garbiari esker jarri da abian. Herritarrek egitasmo berriak sortu nahi dituzte, baina, batzuetan, baliabide ekonomikorik edo espaziorik ez edukitzea eragozpen erabakigarria da proiektu horiek gauzatzeko orduan. Hori dela eta, azpiegitura berri honek indartu egingo du Eibarrek xede horretarako dituen espazioen aukera. Udalean argi izan genuen, hasieratik, gure herriak eta ekintzailetzak eta enpresa-ikerketak leku berri bat izatea merezi zutela, lan horien garapenak exijitzen dituen maila eta ezaugarriak izango dituzten instalazio batzuekin. Horregatik, gure apustu ekonomikoa egitasmoaren aldeko apustuaren adinakoa izan da”.

Gune berriari esker proiektu berritzaileak gauzatzea erraztuko dela uste dutela gaineratu du alkateak: “Eta, udalerrira aberastasuna eta enplegua erakartzeaz gain, Eibarren jarduera ekonomiko berriak garatzea sustatuko du. Eta horrek ere eragina izango du eskualdean”.

Inkubagailuaren egokitzapen-lanak orain dela sei hilabete baino gehiago hasi ziren eta proiektua Eibarko Udalak eta Debegesak bere garaian sinatutako hitzarmenaren emaitza da. Inkubagailu berria kudeatzeaz eta dinamizatzeaz Debegesa arduraduratuko da, eta aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua eskainiko die industria-sektorean negozio-ideia bat dutenei.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »