Arantza Alvarez (sexologoa): “Pandemia suzko proba bat izaten ari da bikoteentzat”

Arantza Alvarez (sexologoa): “Pandemia suzko proba bat  izaten ari da bikoteentzat”
ETA KITTO 2020, Aza 22

COVID-19a gure artean bizi denetik aldaketa asko ematen ari dira gizakion arteko harremanetan. Bizitzaren arlo desberdinei eragiten die pandemiak, eta horietako bat sexualitatea da. Zelan bizi dugu sexualitatea koronabirusaren sasoian?  Eraginik al du bikote-harremanetan? Arantza Alvarez sexologoak hainbat zalantza argitzen lagundu digu.

Sexu-harremanei eragin die COVID-19k? Zein neurritan?
COVID-19ak giza harreman guztiei eragin die, baita sexu-harremanei ere, beste harreman-mota bat baita. Harremanak izateko gure modua aldatu egin da arlo guztietan (lanekoa, gizartekoa, afektiboa, sexuala…). Pertsonen arteko distantzia fisikoa mantendu beharrak asko baldintzatzen du harreman soziala, harreman fisiko guztiak ezabatzen baititu.  Eta gauza bera gertatzen da maskarekin, aurpegiaren espresioa kamuflatzen baitu. Besarkatzeko, musu emateko, eskua emateko… aukera galtzen dugu, eta jendearen aurpegiak transmititzen digun informazio emozionala galtzen dugu.

Musuak aipatu dituzu. Egia al da elkarrekin bizi ez diren pertsonen artean musuak saihestea gomendatzen dela?
Ez dut horri buruzko ezer zehatzik entzun. Baina, logika hutsez, kalean gaudenean maskara erabiltzeko esaten badigute, elkarrekin bizi ez diren pertsonekiko kontaktu oro maskararekin egingo da. Beraz, musuak…

Koitoaren bidez kutsatzen da birusa?
Ez, ez da koitoaren bidez transmititzen, gripe arrunt bat ere koitoaren bidez transmititzen ez den bezala. Musuena beste kontu bat da, musuetan listua trukatzen da-eta. Ukituz gero, doministikuz, ozen hitz eginez, birusa aerosol efektuaren bidez transmititzen bada, gauza bera gertatzen da musuetan listu-trukearekin.

Egin daiteke zerbait, batez ere etxe berean bizi ez diren harremanei dagokienez, kutsatzeko arriskua gutxitzeko?
Beno, edozein harreman sozialetarako gomendatzen eta eskatzen dena: segurtasun-distantzia eta maskararen erabilera.

Sexu-bikotekide egonkorrik ez badugu, gomendagarria da sexua lagatzea hau guztia amaitu bitartean?
Ez dut nik egingo gomendiorik jendeak egin behar duenari buruz. Transmisio moduak nahiko argiak dira, bakoitzak bere arriskua eta besteei eragiten diena baloratu behar du. Kontuan harturik gizartearekin harremanak izateko talde jarraitu eta txikiagoetan egoten saiatu beharko genukeela, burbuila-talde horren barruan gure sexu-bikotea badago, ez dago arazo handirik. Arazoa sexu-bikotekide egonkorrik ez badugu eta hainbat pertsonarekin harremanetan bagaude etor daiteke, hor gizarte-harremanetarako taldea handitu eta birusaren transmisioari bide eman diezaiokegu. Bakoitzak baloratu behar du…

Areagotu al dira urrutiko harremanak? Posible da intimitatea partekatzea elkarrengandik urrun egonda?
Bai, asko hazi dira. Eta jakina, urrutiko intimitatea partekatu daiteke, baina beste intimitate mota bat izango da. Urrutitik kontaktu fisikoaren zatia faltako da, noski, baina une afektiboak eta erotikoak izan daitezke on-line. Harremanetan jartzeko eta komunikatzeko beste modu bat da, baina erraz ezar daiteke daukagun teknologia guztiarekin, eta off-line intimitaterik eza orekatzen laguntzen du.

Kaltetuenak al dira ezkongabeak? Eta zer gertatzen da elkarrekin bizi ez diren bikoteekin (mugikortasunari dagozkion neurri murriztaileak direla eta, ezin gara gure herritik irten)?
Bikotekiderik ez duten pertsonak edo bikotekidearekin bizi ez direnak dira kaltetuenak. Bikotekiderik ez dutenak, gizarte-bizitza asko mugatu delako; gizarte-talde oso txikietara mugatu da eta, horrekin batera, pertsona berriak ezagutzeko aukera. Horregatik ari dira areagotzen on-line kontaktuak, aplikazioen bitartez. Eta elkarrekin bizi ez diren bikoteak (egungo araudia zorrotz betetzen bada) zailtasunak izaten ari dira geratzeko eta elkar ikusteko, herri berekoak edo herri mugakideetakoak ez badira.

Berrogeialdian zehar harreman sozialak ezabatu behar izan genituen eta gure bikotekidearekin etxean egon behar izan genuen luzaroan. Zer eragin izan du egoera berri eta ustekabeko horrek?
Ondorioak izan ditu maila indibidualean eta, beraz, baita bikotean ere. Ez da uda aurretik izan genuen konfinamendu-denbora zorrotzaren ondorioa soilik, gaur egun dugun egoerak emozionalki asko higatzen du. Gure gizarte-ohiturak erabat aldatu dira denbora laburrean; harremanak izateko eta aisialdiaz gozatzeko dugun modua, alegia. Bat-batekoa izan da dena, eta egokitzapenak denbora gehiago eskatzen du; beraz, higadura, frustrazioa, antsietatea… hau guztia amaitu dadin irrika… Egoera pertsonal dramatikoagoez ez hitz egiteagatik: gaixoak dituzten familiak (COVID-19koak edo beste gaitz batzuetakoak) eta/edo ospitaleratuta daudenak, lana oso kaltetuta dago… Zenbat eta kezka eta estres-foku gehiago, orduan eta gatazka-aukera gehiago bikotean, behar bezala kudeatzen ez bada. Bestalde,  elkarrekin biziz gero, konfinamendua  atsegina izango da pertsona batzuentzat, baina beste batzuentzat oso zaila da eramatea, harremanak ez baitu behar bezala funtzionatzen.

Sendotuta atera al dira bikote-harremanak? Suzko proba bat izan da? Edo, alderantziz, edalontzia bete duen tanta izan daiteke, bikote askok banatzeko erabakia har dezaten? Orain bikote-terapia gehiago eskatzen dira?
Bai, hau guztia suzko proba izaten ari da maila guztietan. Bikoteei dagokienez, “Hiltzen ez zaituenak indartsuago egiten zaitu”. Bikote batzuk indartuta ateratzen ari dira zoritxarrean, aurretik aurre egiteko tresnak zituztelako edo azkar egokitzen eta garatzen jakin dutelako, eta gaizki zeuden beste bikote batzuek aurreko egoera larriagotu dute. Orain, egoerari ahalik eta hobekien eustean zentratzen ari gara, baina horrek ondorioak izango ditu etorkizunean, bai terapiak eskatzerakoan, bai zuzenean dibortzioen kopuruan; beste zerbait ere nabari da, bai.

Nolakoak izango dira harremanak etorkizunean? Jarraituko dugu jendea ezagutzeko eta sexu-harremanak izateko gogoarekin?
Jendea ezagutzeko eta gizartean harremanak izateko beharrak existitzen jarraituko du, gizakiak berezkoa duen zerbait da, definitzen gaitu. Premia horren barruan sartzen da afektibo-sexuala ere, jakina. Etorkizuneko harreman horiek nolakoak izango diren ikusteko dago… Baina COVID-19 baino lehen ere aldatzen ziren, aurrerapen teknologikoagatik eta horrek dakarren guztiagatik. Gizartea etengabe eboluzionatzen ari da bere harreman-moduetan… COVID-19rekin eta gabe.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »