Beñat Lopez, Goxua'N Salsa: “Dantzatzen jakitea ez da derrigorrezkoa gure kontzertuez gozatzeko”
Salsa orkestraren formatu klasikoari eutsiz, Goxua'N Salsa taldeak musika latinoaren eta euskararen arteko zubia eraiki du azken urteotan. Iruñean sortu ziren 2020an, eta, COVID-19aren ondorioz estreinaldia atzeratu behar izan bazuten ere, 2021eko ekainean eman zuten lehen kontzertua. Ordutik, zuzenekoak eta grabazioak uztartzen aritu dira, eta dagoeneko hiru lan diskografiko kaleratu dituzte. Barixaku honetan Eibarrera iritsiko dira, Agorra Fest jaialdiaren barruan, Potato taldearen aurretik Untzaga plaza dantzan jartzeko asmoz.
Zer da Goxua'N Salsa?
XX. mendearen amaierako eta, batez ere, 70eko hamarkadako salsa orkestren formatu klasikoa lantzen duen taldea gara. Euskarazko eta gaztelaniazko kantuak uztartzen ditugu. Euskal kanta klasiko batzuen salsa bertsioak ere egin ditugu, baina orain, batez ere, gure estilo propioarekin kantuak sortzeko bidean ari gara.
Nola eta zergatik sortu zenuten taldea?
Salsaren inguruan guretzat oso ezezaguna den zirkuitu bat dago, abeslari latinoena. Europara bira egitera datozenean, abeslaria bakarrik etortzen da, edo, gehienez, zuzendari musikalarekin. Orduan, tokian tokiko orkestrak antolatzen dira haiei laguntzeko.
Horietako batean sartu zen gure zuzendari musikala, Julen Leuza, eta generoarekin maitemindu zen. Iruñean salsa egingo zuen orkestra talde egonkor bat sortzea proposatu zuen, han ezagututako hainbat lagunekin. Esparru desberdinetatik tiraka osatu zen taldea: zirkuitu horretatik, Kontserbatoriotik eta inguruko ezagunengandik.
Oso urte txarrean sortu ginen, gainera. Lehen kontzertua 2020ko martxorako hitzartuta genuen, eta COVID-19aren ondorioz urtebete itxaron behar izan genuen estreinatzeko. Azkenean, 2021eko ekainean eman genuen lehen kontzertua, eta ordutik gelditu gabe aritu gara.
Taldea egonkorra da?
Bai. Egia da gutako asko beste talde batzuetan ere aritzen garela, txarangetan, esaterako, eta urtean zehar ordezkapenak egoten direla. Baina, berez, taldekide finkoak gara.
Zenbat musikarik osatzen duzue taldea?
Hamalauk. Eta oso harro gaude horretaz. Azkenaldian, eszenatokietan gero eta musikari gutxiago ikusten dira: ordenagailua, autotunea... eta aurrera. Guk entzuten den guztia eszenatokian ikusi ahal izatea defendatzen dugu.
Hiru abeslari, baxu-jotzaile bat, piano-jotzaile bat, hiru perkusionista, hiru tronboi eta bi edo hiru tronpeta ditugu, emanaldiaren arabera.
Salsa musika oso lotuta dago Latinoamerikako kulturarekin eta tradizioarekin. Zein dira zuen erreferente nagusiak?
Aipatutako garaiko musikak dira gure inspirazio nagusiak: El Gran Combo de Puerto Rico, Willie Colón, Rubén Blades... Formazio horrekin sortutako kantuak dira gure erreferentzia nagusiak.
Guk defendatzen duguna da entzuten den guztia ikusi daitekeena dela
Formazio horretara bideratutako bertsioak eta musika egiten ditugu. Oinarri orokor bat dago: pianoa, baxua eta hiru perkusionista. Horren gainean sartzen dira haize instrumentuen moldaketak eta ahotsak: ahots nagusi bat eta beste bi ahots, estribilloetan koroak egiten dituztenak. Ahotsak ere txandakatzen joaten dira.
Egitura nahiko finkatuta dago, beraz, eta guk molde hori hartu eta gurera egokitzen dugu.
Eta zein da prozesu horren erronkarik handiena?
Guretzat erronka handiena antolakuntza da: hamalau lagun koordinatzea eta entseguak egiteko tarteak aurkitzea. Konposizioaren aldetik, ordea, ez da hainbesteko erronka. Normalean taldeak txikiagoak dira eta entseguetara ideiak nahiko garatuta eramaten dira.
Salsa eta euskara uztartzea da zuen proposamenaren ezaugarrietako bat. Euskaraz kantatzea hautu kontzientea izan zen?
Ez dugu gurpila asmatu. Egun batean baten batek erabaki zuen rocka euskaraz egin zitekeela, edo popa. Salsarekin ere, gu baino lehen, baziren euskaraz egiten zuten taldeak, hala nola Tik Tara edo La Jodedera.
Guk taldea sortu genuenean, talde latinoen bertsioak egiten hasi ginen, Grupo Niche eta antzekoenak. Eta, une batean, euskal taldeen bertsioak egitea proposatu genuenean, oso modu naturalean atera zen talde barruan. Gure hizkuntza denez, logikoa da hortik ere abiatzea.
Inkontzienteki egin genuen hasieran, baina argi dugu taldea mestizoa eta mistoa dela. Kolonbiarrak ere baditugu, eta ezin dugu dena euskaraz egin; haientzat erronka handia baita ulertzen ez duten hizkuntza batean kantatzea. Fonetikoki ere ondo kantatu behar dute, eta ez da batere erraza.
Letren ahoskera prestatzen diegu, gutxi gorabehera nola esan behar duten, eta ikasi egiten dute. Kristoren meritua dute, egia esan. Eta, noski, letra ere itzultzen diegu, zer esaten ari diren jakin dezaten.
Zuzenekoetan musikak ez ezik, dantzak ere badu pisu handia. Zer gertatzen da taldearen eta publikoaren artean?
Eszenatokitik ikusten duguna oso nahasketa polita da. Mundu latinoak gugana hurbiltzen direla ikusten dugu, eta normalean sartzen ez diren lekuetan sartzen direla. Txosnaguneetan ere ikusi ditugu lehenengo ilaretan, eta hori ez da batere ohikoa.
Baina euskaldunak ere ikusten ditugu: aldakak ez dira gure puntu indartsuena, baina dantzan ikusten ditugu, dantzan saiatzen edo, besterik gabe, musikaz gozatzen.
Azkenaldian, gainera, beste talde bat ere hurbiltzen zaigu: dantza akademietako jendea. Normalean lehenengo ilaretara etortzen dira, eta kontzertu osoa dantzan ematen dute. Sekulako bizia ematen diote giroari. Eszenatokitik hogei bat bikote uneoro dantzan ikustea asko nabaritzen da.
Agorra Festen izango duzuen kontzertua berezia izango da: Eibarren lehen aldiz ariko zarete, eta jaialdiko lehen kontzertua izango da. Pozik zaudete?
Bai, noski! Lehen aldiz izango gara Eibarren, eta Untzaga plaza plaza handia da, hanka altxatzen dutenentzat bereziki. Suposatzen dut hanka altxatzen duten horiek aldakak ere dantzatzen jakingo dutela!
Agorra Fest bezalako jaialdi txikiek hobeto ezagutzen dute inguruko eszena eta ez daude hain deskonektatuta
Zer dira horrelako jaialdiak zuen moduko taldeentzat?
Bertako taldeak bultzatzen dituzten jaialdiak beti dira ongietorriak. Azken finean, horrelako jaialdi txikiek hobeto ezagutzen dute inguruko eszena eta ez daude hain deskonektatuta.
Bilbon, esaterako, jaialdi handiak antolatzen dira, eta badira erabat deskonektatuta daudenak: oso izen ezaguneko jendea ekartzen dute, baina ez dute bertako taldeekin loturarik. Horrelako jaialdiek, beraz, garrantzi eta zentzu handiagoa dutela uste dut.
Zein momentutan dago taldea? Zer proiektu dituzue esku artean?
Martxoan atera genuen gure hirugarren lan diskografikoa. Aurretik bi disko luze genituen, eta hirugarren hau EP laburragoa da, bost kantukoa.
Orain kantu horiek grabatzen eta zuzenean jotzen ibili gara. Uda amaitutakoan berriro entseatzen hasiko gara, kantu berriak sortzeko. EP horri jarraipena eman eta lan luze bat kaleratzea da asmoa.
Azkena: eibartar bati hiru arrazoi eman beharko bazenizkioke barixakuan, 22:00etan, Untzagara Goxua'N Salsa entzutera joateko, zeintzuk lirateke?
Musika gozagarria egiten dugula, oso giro polita sortzen dela eta dantzatzen jakitea ez dela derrigorrezkoa gure kontzertuez gozatzeko. Eta, azken batean, hori: giroa egongo dela eta gozagarria izango dela.