Biolur elkartea: “Eredu ekologikoak, gu zaintzeaz parte, ingurua ere zaintzen du”

Biolur elkartea: “Eredu ekologikoak, gu zaintzeaz parte, ingurua ere zaintzen du”
2022/10/07 eta kitto!
Bihar Azoka Ekologikoa izango dugu Untzagan, 10:00etatik 14:00etara, Biolur, Debemen eta Eibarko Udalaren eskutik. Bertan, inguruko ekoizleen produktu ekologikoak erosteko aukera egongo da, bizitza osasuntsurako oso baliagarriak diren elikagaiak. Gainera, erakustaldia eta EKOdastaketa egongo da Osoa Cooking eta Eibarko Itturrua Goikoa baserriko abeltzainen eskutik.

Mirian Arrizabalaga Badiola Biolur elkarteko presidentearekin eta Maider Zubikarai Biolurreko koordinatzailearekin berba egin dugu elikadura ekologikoaz.

Mirianen-argazkia Mirian Arrizabalaga - BERRIKETAN

Zein da elikadura ekologikoaren garrantzia bizitza osasuntsua eduki ahal izateko?

Bizitza osasuntsua edukitzeko arlo bat baino gehiago zaindu behar dira eta, noski, elikadura da horietako bat, garrantzitsua gainera. Elikagai ekologikoak elikadura egokia izaten laguntzen digu. Batetik, jaten dugun hori kalitatezkoa dela bermatzen digulako (nutritiboki). Eta, bestetik, elikagai hori ekoizteko moduak ere zainduak izan direlako, inolako sintesizko kimiko eta toxikorik gabe, landareen eta animalien zikloak errespetatuz, lurra zainduz.... Bestalde, elikagai ekologikoak eta bertakoak erostea hautu bat egitea ere bada eta horrek elikadurarekiko dugun harremana nolakoa den erakusten du. Normalean, bertako ekoizleei edo dendariei erosten dizkiegu elikagaiak eta hori osasuntsua da komunitatearentzat.

Nolako lana dago elikagai ekologikoen atzetik?

Eredu ekologikoan ekoiztea naturaren zikloak errespetatzetik hasten da, garaian garaikoa izatetik, lurra emankor mantentzetik, kutsadura ekidinez. Beraz, gu zaintzeaz aparte, ingurua ere zaintzen du gure ereduak. Eta ez da bakarrik nola ekoizten den, baita salmenta ahalik eta zuzenena eta gertukoena egiten saiatzen garela ere (azoketan, denda txikietan, ostalaritzan, otarren bidez...). Azkenean, tokiko sozioekonomian eragina du. Badago ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubi bat, saretze bat, harremantze bat, eta hori oso garrantzitsua da.

‘Duina’ azterlana aurkeztu duzue berriki eta aurkezpenean zera adierazi zenuten: ‘Osasuntsu elikatzeko eskubidea herritar guztiek bermatuta beharko lukete”. Elikadura ekologikoa da horretarako aukera?

‘Duina’ azterlana ikerketa proiektu bat izan da, eta bertan hainbat arlo tekniko eta ekonomikoa landu dira: laboreen ekoizpen kostuak, ortugintzari, merkaturatzeari, gestioari, kolektibizatzeari eta zaintzari baratzezainek zenbat ordu eskaintzen dizkieten, ordu hauen kosteak, soldata... Ikerketa oso sakona izan da, datu asko bildu ditugu, eta emaitzek erakutsi digute labore askoren prezioa ekoizpen kostuen azpitik daudela eta oraindik lan asko dugula egiteko ortugintza ekologikoak dituen eragin positibo guztiak jendarteratzen. Elikagai ekologikoak denon eskura egon behar dira, osasuntsu jatea eskubide bat delako eta, beraz, ‘Duina’ ikerketaren aurkezpenak eskualdeka egingo ditugu, herritarrekin elkarrizketa sortzeko. Gainera, eskola komunitatearentzat materiala eta ikusentzunezko bat sortzen gabiltza. Eta, noski, elikadura ekologikoa da osasuntsu jateko bermea, bertakoa eta ekologikoa, eta ahalik eta modurik zuzenenean erosia.

Elikagai bat ekologikoa izateak zer esan nahi du?

Elikagai bat ekologikoa da ekoizpen eredua ekologikoa bada. Berme hori zigilu batek ematen du, eta erkidegoan horren ardura Euskadiko Elikagai eta Nekazaritza Ekologikoaren kontseiluak du. Urtero inspekzioak pasatzen ditugu eta gure egiteko erak eta erosten ditugun lehengaiak ekologikoak direla ziurtatu behar dugu. Komunitate bakoitzak bere kontseilua du, eta hemengoak marka berria sortu du produktuak bertakoak eta ekologikoak direla identifikatzeko: Ekolurra.

Bihar azoka ekologikoa egongo da Eibarren. Nolako produktuak aurkitu ahal izango ditugu bertan? Nongo ekoizleak?

Otarra betetzeko makina produktu egongo dira eta denetik aurkitu ahal izango dugu: barazkiak, gazta, eztia, kontserbak, olioa, ogia, pasta... Ekoizle gehienak gipuzkoarrak izango dira, baina alboko herrialdeetako baten bat ere egongo da.

Produktuak salgai jartzeaz gain, bestelako ekintzarik egingo duzue azokan?

Bai, sukaldaritza erakustaldia izango da. OSOA COOKINGeko Ane egongo da haragiarekin eginiko errezeta bat prestatzen eta Eibarko Itturrua Goikoako abeltzainekin tertulian arituko da haragi ekologikoaren inguruan. Biolurreko abeltzain taldeak abeltzaintza ekologikoaren inguruko ikus-entzunezkoa egin du, hurrengo barixakuan Azpeitiko azoka plazan aurkeztuko duguna. Aurten azoketan haragia eta abeltzaintza presente eduki nahi izan dugu, eta erakustaldiaren ondoren gutizia ekologiko horiek dastatzeko aukera egongo da.

Azoketarako bonoak eskuragarri daude oraindik? Nola lortu daitezke?

ENEEK-EKOLURRAK 5 euroko balioa duten bonoak atera ditu, eta bere web orritik deskargatu ahal dira. Azokan bertan Biolurreko postura etorri behar da paperean jaso eta, gero, ekoizleen postuan deskontua aplikatu ahal izateko.

Aurreko bi urteetan ezin izan da azokarik egin. Nolako garrantzia du zuentzat horrelako azokak egitea?

Azkeneko bi urteak desberdinak izan dira, azoka batzuk ezin izan genituelako egin, baina zorionez Eibarren bi urtetan egin ahal izan dugu (neurriak hartuta), eta eskertzekoa da. Aurten neurri gabe egingo dugu azoka eta ea berriro plaza bete eta jendea gerturatzen den erosketak egin eta bertako elikagai ekologikoak erostera. Bere eta guztion osasunarengatik.