Debabarrena ESI-ko rastreadoreen lantaldea: “Gure zeregin nagusia COVID-19aren transmisio-katea gelditzea da”

Debabarrena ESI-ko rastreadoreen lantaldea: “Gure zeregin nagusia COVID-19aren transmisio-katea gelditzea da”
2020/10/16 eta kitto!
Pandemia sasoi honetan, “aztarnari” edo “rastreadore” ia nahitaez gure eguneroko hiztegian sartuta dauden berba berriak dira. Koronabirus-kutsatu berrien arrastoa jarraitzen dute aztarnariek. Euren funtsezko zeregina kutsatze-katea gelditzea da. Osakidetza arduratzen da lan hori egiteaz, eta gure eskualdean zeregin horretan buru-belarri diharduen lantaldearekin egoteko aukera izan dugu. Eibarko Ospitalean egoten dira eta euretako hiru (Laura Arrieta, Iranzu Lopez de Zubiria eta Laura Martin) eibartarrak dira.

Debabarreneko eskualde osoari zerbitzua ematen dion Debabarreneko ESIko profesionalak zarete. Zein da zuen lan-eremua?
Guk familian eta gizartean atzemandako COVID-19 kasuak jaso eta kudeatzen ditugu. Eurekin harremanetan jartzen gara eta miaketa egiten dugu, hau da, gaixotasunaren eraginpean egon diren pertsonak identifikatu, informatu eta kudeatzen ditugu, transmisioa prebenitu eta geldiarazteko. Lan-arloan atzemandako kasuak prebentzio-zerbitzuek, Osalanek… aztertzen dituzte. Gainera, egunero gaude harremanetan Osasun Publikoko, Epidemiologiako eta Osakidetzako koordinazioko teknikariekin.

Nola dago antolatuta lantaldea?  Nondik egiten duzue lan?
Hasieran, erizain kudeatzaile bat genuen zaintza-sarean, baina, intzidentziek gora egin ahala, profesional berriak jarri dira sarean. Gaur egun, taldeak 9 profesional ditu. Gizarte-langile bat, 4 erizain, 3 fisioterapeuta eta administrari bat. Eibarko Ospitaletik lan egiten dugu, eta astelehenetik domekara arteko kasuak aztertzen ditugu, 8:00etatik 20:00etara. Gainera, sarean lan egiten dugu, hau da, gure eskualdeko kasuak amaitzen baditugu, beste erakunde bati laguntzen hasiko gara, eta alderantziz. Lankidetza-lana egiten da, sarean, erakunde batzuk beste batzuekin elkarri lagunduz, eta erakunde bakoitzak bere sare txikia du, sare orokor baten barruan lan egiten duena.

Zein da rastreadore-lantaldearen helburu nagusia eta zeintzuk dira zeuen eginkizunak?
Koronabirusean positibo eman dutenen kontaktu estuak ahalik eta azkarren detektatzea eta transmisio-katea mozteko isolatzea da helburu nagusia. Horrez gain, PCR frogak kudeatu eta etxeko koarentenako gomendioen berri ematen zaie. Jatorrira iristen saiatzen gara, nahiz eta batzuetan oso zaila izan; ez da beti lortzen.

Ikusi da oso garrantzitsua dela positiboak ahalik eta lehen detektatzea eta PCRak berehala egitea. Nola lortzen da hori? Zein tresna edo baliabide daukazue eskura horretarako?
Lehenbailehen detektatzea oso garrantzitsua da transmisio-katea mozteko; normalean, lehenengo kontaktua telefono bidezkoa izaten da, eta, ondoren, askotan posta elektronikoa erabiltzen dugu. Gainera, telefono bidezko aldi bereko itzultzaile bat dugu, gure hizkuntza ezagutzen ez duten pazienteen kasuan. PCRak biltzeaz arduratzen den profesional-talde bat dugu, eta eskariaren arabera aldatzen da PCR kopurua.

Zein irizpide erabiltzen dituzue pertsona bat kontaktu estua dela erabakitzeko?
Kontaktu estua da positibo eman duenaren tokian bertan egon den pertsona oro, 15 minutu baino gehiagoz bi metro baino gutxiagora egon dena. Gainera, kontaktu estua dira auto berean bidaiatu dutenak. Beste irizpide batzuk ere erabiltzen dira, hala nola, espazio irekiak eta itxiak, aireztapeneko espazioak, espazioaren azalera eta egiten den jarduera mota.
Kontaktu estuek, positiboak zein negatiboak, etxean isolatuta egon behar dute. Zenbat egun? Eta zenbat PCR egiten zaizkie?
Kasu positiboen isolamendua 10 egunekoa da emaitza jasotzen denetik, baldin eta azken hiru egunak asintomatikoak izan badira. PCR negatiboa duten gainerako kontaktuak 10 egunez isolatuko dira kasuarekin azken kontaktua izan eta gero, eta PCR errepikatu egingo da. Bigarren PCR hori negatiboa bada eta pertsonak sintomarik ez badu, koarentena amaitzen da.

Nolako jarraibideak ematen zaizkie osasun aldetik?
Komunera joateko bakarrik atera daitezke gelatik. Bi bainugela badaude, positiboak bat erabiliko du, eta familiako gainerakoek bestea. Bainu bakarra badago, lixibarekin desinfektatu behar da, erabili ondoren. Erropak bereizita eta ur beroarekin (60/65 gradu) garbitu behar dira. Positiboari janaria gelara eraman behar zaio bandeja batean, atea ukitu eta berak jaso. Platerak eta mahai-tresnak, ahal bada, beti berberak izan behar dute isolamenduak irauten duen bitartean. Ontzi-garbigailuan garbitu behar dira edo, bestela, azkenak, eta ur beroarekin.  Beti atera behar dute gelatik maskararekin. Ez da bisitarik jaso behar etxean.

Argazkian lantaldeko hiru eibartarrak. Ezkerretik hasita, Laura Martin koordinatzailea, Iranzu Lopez de Zubiria eta Laura Arrieta. Argazkian lantaldeko hiru eibartarrak. Ezkerretik hasita, Laura Martin koordinatzailea, Iranzu Lopez de Zubiria eta Laura Arrieta.

Positiboei froga bakarra egiten zaie eta negatiboei bi. Azaldu hori pixka bat...
PCRa diagnostiko-proba bat da; positiboa bada, ez da beharrezkoa errepikatzea. Hasieran negatiboa ematen duten kontaktuei froga errepikatu egin behar diegu, koarentenan positibizatu daitezkeelako.

Positiboen kontaktuei deitzen diezuenean nola erreakzionatzen dute? Etxean gelditzen dira denak? Erraza da komunikazioa?
Era guztietako erreakzioak daude. Alde batetik, kolaboratzeko  eta bakartze-lana behar bezala egiteko prest daudenak daude, eta, bestetik, era guztietako eragozpenak jartzen dituztenak. Azken horiekin enpatizatzea oso zaila da eta batzuetan ez dugu lortzen. Oso esker onekoa da isolamendu-amaieraren deia.

Positibo asintomatikoak detektatzea ezinbestekoa dela diote adituek. Nola egin daiteke hori, agian Azkoitian eta Gasteizen egun hauetan egiten ari diren test masiboekin?
Ez dugu behar adina informazio galdera horri erantzuteko; agian, Epidemiologiak hobeto erantzun diezaioke. Azkoitiko eta Sansomendiko baheketak amaitzen direnean ateratako ondorioak ikusiko ditugu.

Nola murriztu daiteke kutsatzeko arriskua? Jendeak barneratuta dauka harreman sozialak aldatu behar dituela?
Ezinbestekoa da kontaktu sozialen kopurua murriztea eta kutsatzeko arrisku handia duten jarduerak gutxitzea. Horrez  gain, maskara behar bezala erabiltzea eta eskuak maiz garbitzea oso garrantzitsua da. Egunerokotasunak erakusten digu jendea oso sentibera dela gaiarekin, eta harremanak murriztu dituela eta neurriak muturreraino eraman dituela. Baina beste jende askok, zoritxarrez, ez ditu ahokuak jarraitzen, eta ia egunero harreman asko izaten dituzten kasuekin aurkitzen gara.

Nola funtzionatzen ari da “Radar Covid” aplikazioa? Tresna erabilgarria izan daiteke?
"Radar Covid" mugikorrerako aplikazioa guztion eskura dagoen tresna da, kasu batekin harreman estua izan duzun jakiteko. Bluetooth geolokalizazioarekin funtzionatzen du. Aste gutxi daramatzagu aplikazioarekin Euskadin. Izan daitezkeen kontaktu horiek guztiak miatzeko bi talde daude. Kontaktu bakoitzarekin azterketa bat egiten da, hala dela egiaztatzeko, betiere kasuaren konfidentzialtasuna bermatuz.