[ELKARRIZKETA ETA ] Ainhoa Arroitajauregi: “Musika estilo desberdinak probatzea gustatzen zait"

[ELKARRIZKETA ETA ] Ainhoa Arroitajauregi: “Musika estilo desberdinak probatzea gustatzen zait"
2022/09/07 15:33
eta kitto!
 

GAZTEA irratiko esatari moduan ari da lanean Ainhoa Arroitajauregi musikari eibartarra. Marketin eta publizitate ikasketak ditu, eta txikitatik egon da musika munduan murgilduta. Azken urtea oso berezia izan da 23 urteko gaztearentzat. 2021an Gaztea Cover lehiaketa irabazi zuen eta horrek ate asko zabaldu dizkio. Gauza berriak probatzea gustatzen zaio eta musika estilo desberdinak esploratzen ari da.

Bere gitarrarekin abesten oso eroso sentitzen da. Hala ere, gauza berriak probatzea gustatzen zaio eta ez dio ezerri uko egiten. Bakarka aritzeaz gain, Debajo del Paraguas taldeko abeslaria ere bada, eta kolaborazioak egiten ditu artista desberdinekin. Azkena, Esco Eibarko raperoarekin grabatu duen Deabruak abestia.

Musikari eta abeslari, eta orain Gaztea irratiko ahotsa. Noiztik Miramongo estudioetan lanean?
2021ean Gaztea Cover lehiaketara aurkeztu nintzen eta irabazi egin nuen, Olivia Rodrigoren “Driver License” abestiarekin. Denbora gutxira kolaboratzaile izateko deitu zaidaten eta, jakina, baietz esan nien, nola ez! Eguaztenero hasi nintzen bertara joaten. Hitz egitea asko gustatzen zait, ez daukat horretarako arazorik. Lanpostu bat hutsik geratu zenean egun osoko jarduna egiteko aukera eman zidaten. Eta orain hemen nago, botatzen nauten arte, jajaja. Udan asteburuetan egon naiz, eta irailetik aurrera astelehenetik barixakura egongo naiz. Ainhoa Vitoriarekin egiten dut “Ainhoak” saioa. Kasualitate hutsa izan da, lehen Ainhoa Vitoriak Ainhoa Urretabizkaiarekin egiten zuen “Ainhoak” formatua eta orain berriro bueltatu da, baina oraingoan nirekin.

Nolakoa da irrati mundua? Espero zenuena aurkitu duzu?
Inoiz bizitzea espero ez nuen esperientzia da, baina uste nuena baino gusturago nago. Nahiko erraza egiten zait, dinamikoa, eta oso giro ona dago. Beraz, oso pozik! Musikari baten ikuspegitik ere oso aberasgarria da. Jende asko ezagutzeaz aparte, egun osoa musika entzuten nago eta hori gozamena da niretzako: bulegora ailegatu eta musika entzun, musika analizatu, musika prestatu, musika entzuleei eskaini… Azkenean denbora guztian zaude musika-erakusleiho bat eskaintzen eta hori oso polita da.

ainhora irratian

Zure ideiak eta ikuspegia kontuan hartzen dira?
Eguneroko zerrenda bat dago, errespetatu egin behar dena, baina guk deskubritzen ditugun musikari eta estilo berriak eskaintzeko askatasuna ematen digute. Horrez gain, lehenengo egunean hitzegiten hasi nintzenean oso txikia sentitzen nintzen, baina apurka-apurka zure nortasun propioa garatzen zoaz; pertsonaia bat bazina bezala da. Azken batean, irratian ez duzu kalean bezala hitz egiten.

Abeslari moduan jendaurrean egin dituzun aktuazioak, Madrilen bizitzen eman dituzun urteak… Guztiak dira lagungarri nortasun hori garatzen joateko?
Amarekin beti gogoratzen dut nire lehen kontzertua. Eibarko elizan izan zen, Koro Gaztearekin. Kriston “galloa" atera zitzaidan eta ordubete egon nintzen negarrez. “Ez dut berriro abestuko, ez dut hau egiteko balio”, esan nion Elena Koroko zuzendariari. Oraindik ere beste mila miloi aldiz urratuko zait ahotsa, baina azkenean hori hartu, eraldatu eta zure nortasuna garatzea besterik ez da gelditzen. Madrilen bizitzeak ere asko lagundu dit garapen horretan. Eibarrera oso gustura bueltatu nintzen. baina beti esaten dut  haizeak mugitzen duen hostoa naizela, hau da, bihar bizitzak beste leku batera eranaten banau arazo barik joango naiz.

Eibarrera bueltatu zinenean Debajo del  Paraguas taldearekin hasi zinen...
Bai eta asko ikasi dut eurekin. Izan ere, taldeak bost urte zeramatzan martxan ni iritsi nintzenean eta nire lehenengo kontzertua, Eibarko Koroaz aparte, eurekin izan zen. Edozer gauzaren gainetik oso lagun onak gara. Uda honetan atseden bat hartu dugu, hain zuzen ere, ez dugulako nahi adiskidetasun-harreman hori erre. Arnas apurtxo bat hartu dugu eta berriro bueltatuko gara proiektu berri batekin.

Bakarka eta taldean aritzeaz gain, beste artistekin kolaborazioak egin dituzu. Horren adibidea da Esco rapero eibartarrarekin grabatu duzun Deabruak abestia.
Jon txikitako laguna da eta asko maite dut. Bera rap munduan dabil eta kantu bat egitea proposatu zidan orain dela bi urte. Ni, berritsua izan arren, oso lotsatia naiz, baina azkenean zeozer egin behar genuela erabaki genuen: berak rapa eta nik melodia bat egin nuen.  Oso ondo gelditu da eta jendeari asko gustatu zaio. Ez zait estilo bakarra egitea gustatzen. Hainbeste estilo egonda, zergatik geratu bakarrarekin? Zelanda taldearekin ere oso abesti desberdina egin nuen. Une honetan estilo desberdinen artean esploratzen nabil. Ezingo nuke estilo jakin bat aukeratu. Esate baterako, irailaren 10ean Larrabetzun kontzertua emango dut Mahasti Artean  jaialdian, eta Izaroren eta Bad Bunnyren bertsioak egingo ditut, pentsa!

Noizko zure abesti propioak?
Taldearekin euskarazko bat egin nuen, eta orain ere horretan nabil; baina, esan dudan moduan, oso lotsatia naiz. Hala ere, apurka-apurka eta bizitzen ari naizen esperientziei esker, irratiarena esate baterako, segurtasun handiagoa hartzen ari naiz. Seguru aurten musika berria aterako dudala!