Gaizka Zabarte: “Bi urte eta gero, Jaurlaritzaren ekarpen handiena Tapia legea da”

Gaizka Zabarte: “Bi urte eta gero, Jaurlaritzaren ekarpen handiena Tapia legea da”
2022/02/04 eta kitto!
Aldaketaldia eta Larreko Mahaia plataformekin batera, manifestazioa antolatu
dute Zaldibar Argitukoek otsailaren 6rako. Ermuko plazatik abiatuko da, 12:00etan, Eitzagaraino joateko, eta han Zaldibar Argituk antolatutako ekitaldia egingo da. Plataformako kideek argi daukate: “Guretzat langileen bizitzak kapitalaren irabazien gainetik daude, jendearen osasuna eta ongizatea ere kapitalaren gainetik. Eta higiene demokratikoa erregimen klientelar honen gainetik”.

Bi urte eta gero, zein puntutan gaudela uste duzue?

Batetik, atzera begiratzeko puntuan, gogoratu behar delako hor Alberto Sololuze eta Joaquin Beltrán hil zirela, Joaquin Beltrán hortxe gelditu dela betirako. Gertatu dela Eitzagan, azpiegituren aldetik azken hamarkadetan oso zigortua izan den auzoan eta, gainera, bertako biztanleek behin eta berriro, baita zabortegiaren auzi honetan ere, baztertuta eta txarto tratatuta sentitu dira. Hasieratik eskatu zuten azterketa medikua egiteko, eta lehenengo Eusko Jaurlaritzak eta gero Zaldibarko Udalak ezetza eman zien. Bestetik, atzera begira, bi urte hauetan zer egin du Jaurlaritzak berari dagokion esparruan, ardurak bere gain hartzerakoan? Ba, ikusten duguna da ez duela ezer egin, egin duen ekarpen handiena azken urteetan ingurumenari dagokionez Tapia legea dela. Tapia legearen entsegu bat Eitzagako zabortegian gertatu da, Udalarenak ziren eskumenak 2020ko otsailaren 6an Jaurlaritzak bere gain hartu zituen, eta gaur arte. Berak egin ditu desjabetzeak, berak erabaki du zelan eta non handitu zabortegia eta abar.

Zer dela eta diozu Eitzaga bestela ere auzo kaltetua dela?

Eitzagan begirada 180 gradu emanez gero ikusten da hori. Jende asko ez da ohartuko beharbada, baina autobidea ez da Ermutik pasatzen, Zaldibarko lurretatik doa, hau da, Eitzagatik.Aixolako presa, urez hornitzeko, hor daukate. Saihesbidea. Eta abar luze bat. Bertakoen sentimendua matxakatuak izanaren sentimendua da. Eta zabortegi honen hastapenetara, 1995-1996. urteetara bagoaz, Udalarekin etenbako tirabirak izan dituzte.

Zer gertatu da arduradun politikoekin?


Datuetara begira, konklusioa garbia da. Orduan arduradunak zena, Iñaki Arriola kasu, orain beste sail baten buru da. Ernesto Martinez de Cabredo, orduan Ura agentziako buru zena eta krisi honetan lehen lerroan egon zena, orain Eusko Trenbide Sareko zuzendaria da. Eta sailburuordea zen Elena Moreno gaur egun Merkataritza zuzendaria da. Horrek ematen du ardura politikoen neurria.

Azken egunotan Europatik ailegatu diren berriak itxaropena pizteko modukoak dira? Urtarrilaren 27an Europako Parlamentuko Eskarien Batzordeak erabaki zuen, aho batez, ikerketarekin segitzea, eta eskatzea Eusko Jaurlaritzari eta Europar Batzordeari informazio gehiago, gehiago behar zuelako. Horren kontrapuntua da Eusko Legebiltzarra, non Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek erabakita, ezetz esan zitzaion ikerketa batzorde bat sortzeari. Beraz, Europako Parlamentuan batzorde bat daukagu Eitzagako zabortegia ikertzeko, eta Eusko Legebiltzarrean ez.

Eta zer gertatu da enpresako, hau da, zabortegiko arduradunekin?


Denok dakigun zerbait: aberatsak ez doazela kartzelara. Lehenengo langileen osasunaren kontrako ustezko delitua ikertzen zuen auzitik kanpo utzi gintuzten Zaldibar Argitu, Eskubide Sozialen Karta eta Ekologistak Martxan. Hori erabaki eta, jarraian, akordio bat lortu zuten. Horrela, Verterreko buruek epaiketa publiko bat saihestea lortu zuten, horrek dakarren oihartzunarekin. Eta, horrekin batera, kartzela zigorra saihestea, indemnizazioen truke eta gertatutakoa zuhurtziazko homizidio bat izan zela onartzearen truke. Gutxienez badakigu homizidio bat izan zela, ekidin zitekeela. Hori argi gelditu da. Eta beste auzian, ingurumenaren kontrako delitua aztertzen den auzian ere presente gaude, akusazio moduan. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Gobernuaren menpe dagoen CEDEX-ek akats ugari atzeman omen ditu...


Obra Publikoen Ikerketa eta Esperimentazioarekin arduratzen den CEDEX-ek egindako txostena hor dago, mahai gainean. Amiltzearen kausak zehatz aztertu dituzte eta, labur esateko, akats pila bat agertu dira bai proiektu teknikoetan, bai zabortegiaren kudeaketan, eta baita kontrol publikoan ere.