Ion Fiz, moda diseinatzailea: “Tradizioa eta etorkizuna uztartzen ditut nire sorkuntzetan”

Ion Fiz, moda diseinatzailea: “Tradizioa eta etorkizuna uztartzen ditut nire sorkuntzetan”
ETA KITTO 2019, Ira 27

Ion Fiz diseinatzaileak behin-behineko denda jarri du Toribio Etxebarria kaleko 3. zenbakian. Aurreko asteburuan zabaldu zuen eta, astean zehar itxi ondoren, gaurtik domekara berriz egongo da goizeko 11:00etatik 21:00etara. 2019ko andra-gizonen kolekzioko erropak prezio berezian egongo dira. Abendu eta urtarrilean, bestetik, bere artxibo pribatuko bozeto, patroi eta bestelakoen erakusketa egingo du Armagintza Museoan.

 

– Zuk diseinatutako jantziak salgai jarri dituzu behin-behineko dendan Eibarren. Zer aurkitu dezakegu?

2019ko udaberri eta udako kolekzioko jantziak egongo dira, eta baita udazken eta neguko batzuk ere. Gizonezkoei dagokienez, jantzi informalak aurkitu daitezke (poloak, kamisetak eta jertseak), gainerakoak emakumeentzakoak dira: ehun arinak, lisoak, lihozko jantziak, artilezkoak, teila kolorezkoak, berde-ilunak, itsas urdinak, gau-jantziak, lentejuelak, bordatuak, eskoteak, mahuka asimetrikoak, jantzi gorriak… Eta baita zapata, poltsa eta betaurrekoen bildumak ere.

– Sarritan egiten dituzu behin-behineko salmenta hauek?

Eibarren lehen aldia da, baina Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan egin izan ditut. Jantzi-bildumak kalera ateratzeko eta herritarrengana hurbiltzeko balio dute horrelako salmentek, eta beste erosketa esperientzia bat eskaintzen dute. Ondo dago internet bidez erostea, baina hau ezberdina da.

– Zure mailako diseinatzaileek egiten dituzten jantziak eskuragarriago daude modu honetan?

Hori da. Gainera, behin-behineko denda honetako jantziek %70 arteko deskontuak izango dituzte. Autore-jantziak erosteko modu polita da.

– Emaztegai-jantziak, gizonezkoentzako erropa, pret a porter bildumak, enpresentzako uniformeak (McDonald’s, Iberdrola…), Famosa panpinentzako jantziak, osagarriak… gauza ezberdinak diseinatzen dituzu. Nola egokitzen zara gauza bakoitza egiteko?

Azken aldian denetatik egin dut. Azken finean dibertsifikazio kontua da eta etengabe dihardut ikasten. Giorgio Armanik esan zuen bezala, dibertsifikazioaren aroan gaude modaren munduan. Iristen zaizkizun eskaeren arabera egokitu egin behar zara. Gauza berriak egin ahal izateko ikasi egin behar da eta hasieran gauzak astiro egin behar dituzu, baina egiten dudan guztia nire unibertso eta iruditeriarekin koherentea izaten saiatzen naiz.

– Nolakoa da zure unibertso eta iruditeria?

Alde batetik, naturalak eta oinarrizkoak, historiatik eta arlo klasikotik datozenak. Baina bestetik, diseinuei ausardia ematen saiatzen naiz. Beraz, tradizioa eta etorkizuna uztartzen ditut nire sorkuntzetan.

– Zure ibilbidearengatik ‘Premio Costura’ saria jaso zenuen apirilean. Nola jasotzen dituzu horrelako esker onak?

Oso motibagarriak dira eta asko laguntzen dute aurrera egiteko. Sorkuntzaren munduan goi-goian egon zaitezke (argi-mahaian marraztean, pantonekin, aurreko ikerketa-lana eginda…), baina ideia horiei forma eman behar zaie eta hor sortzen dira kontu zailenak. Orduan, sariek aurrera egiten laguntzen dizute. Zerbait ikasi dudala erakusten didate, emaitza hor dagoelako. Bestela inork ez lidake deituko sari bat emateko. Esker onekoa naiz nire lana saritu dutenekin.

– Zein proiektu berri duzu esku artean?

Orain arte gordeta eduki dut, baina orain esan dezaket: abenduaren 13tik urtarrilaren 20ra nire artxibo pribatuko bozetoen, patroien eta abarren erakusketa egingo dut Armagintza Museoan. Ilusio berezia egiten dit, inoiz ez dudalako 2002tik 2019ra sortutako bozetoen eta jantzien erakusketa egin. Gainera, bozeto asko Eibarren sortuak izan dira: parkeetan, pasealekuetan, Arraten… Eibar barrenean daramat beti.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »