Juan Izuzkiza (Filosofiako irakaslea): “Ikastea pribilegio bat dela ikustarazi behar diegu ikasleei”

Juan Izuzkiza (Filosofiako irakaslea): “Ikastea pribilegio bat dela ikustarazi behar diegu ikasleei”
2021/03/14 eta kitto!
Juan Izuzkiza (Bergara, 1968) Eibarko institutuko Filosofia irakaslea eta UNEDeko irakasle elkartua da. ’Borregos que ladran’ (Editorial De Conatus) liburuan egungo hezkuntza-sistemaren arazoei heltzen die, ironiaz eta inolako disimulurik gabe, irakasle gisa duen esperientziatik abiatuta. Liburuak hainbat gai jorratzen ditu, hala nola ikasketa-planak, ikasleen motibazioa, irakasleen eta gurasoen eginkizuna...  Filosofiako irakaslea izanik, ez dira falta egungo eta antzinako Greziako filosofoen teoria eta ideiei buruzko aipamenak.

Zeintzuk dira zure liburuko “borrego” horiek?
Edonor izan daiteke. Artalde horretan dagokiona egiten ez duena da “borregoa”: irakasleak, ikasleak, erakundeak eta gurasoak.

Nolako papera daukate gaur egungo gurasoek?
Gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira. Gure lana nola egin behar dugun esan nahi digute, eta hori da tailer mekaniko batera joan eta mekanikoari bere lana nola egin behar duen esatea bezala. Bakoitzak bere erantzukizunak dauzka. Konfidantzaren kontua galdu da. Behin, INIKAko mezu baten bitartez, nire semeak etxeko lanak ez zituela egin esan zidaten. Baina hau ez al da ikasle eta irakaslearen artean konpondu beharreko gauza bat? Nola sentituko da etxera etortzean irakaslearen mezua jaso dudala esaten diodanean? Gizarte pornografiko bat da, non ezkutuko guneak desagertu egin diren. Dena neurtzeko eta baloratzeko obsesioa dago.

Asko aldatu dira gauzak zu ikaslea zinenetik?
Gu asko aspertzen ginen, eta bihurrikeri gordinak egiten genituen. Oso baldarrak ginen. Hori, egia esan, ez da asko aldatu. Baina lehen sistema lehenago amaitzen zitzaigun, helburuak betetzen ez baziren. Halako batean pentsatu zen ikasleak erakarri, seduzitu behar zirela, euren neurrira egindako irakasgai interesgarriekin. Eta hor arazo bat dago; interesa pizten da ikasi eta gero, eta ez alderantziz. Ezagutza ikaslearen neurrira moldatu behar badut, ikaslea da ezagutza lortzeko aukera galtzen ari dena. Orain, gazte batek ikasi nahi ez duenean, tragedia bat da, eta erakartzen saiatzen gara (ezagutza ez da hain garrantzitsua). Baina hor desagertzen da oso garrantzitsua den gauza bat, esfortzuaren kontua, hain zuzen ere.

Eta zer dakar ahalegina edo esfortzuaren kultura galtzeak?
Najat el Hachmi azken Nadal sariak zioen bezala, "behartsuei ahaleginaren kultura kentzen bazaigu, dena kendu zaigu". Hori da nik gure belaunaldiarekiko ikusten dudan aldea. Guk bagenekien ahaleginarena eta , nahi izanez gero, egin egiten genuen, eta bestela, ez. Jokoaren arau hori desagertu egin da. Eta jokoaren arauak desagertzen direnean, gazteak aspertu egiten dira, ez dakitelako zertara jolasten ari diren. Mezu zitala da esaten dieguna: "Denak balio du zu bazara". Bat-batean selektibitatea iritsi eta esaten diegun arte: "Ez, ez du ia inork balio". Eta, orduan, larritzen dira eta galdetzen diote euren buruari: "Baina, orduan, zer egin behar dut? Zeintzuk dira jokoaren arauak?". Eta joko-arau horiek oso diluituta daude, logika galdu egin da. Hori ez zen gure garaian gertatzen.

JUAN IZUZKIZA1

Zer egin daiteke zure ustez?
Administrazioak hitz zoragarriak aukeratzen ditu, hala nola kalitatea, inklusioa, aniztasunarekiko arreta... Egia da aniztasunari sekulako arreta jarri zaiola. Ikasi nahi ez dutenen aniztasunari erantzun zaio. Hasi behar gara ikasi nahi dutenei arreta ematen. Askotan nire irudia da ikastetxea parking edo aparkaleku bat dela, non fondoko musika bat dagoen, eta musika horretan agertzen dira matematika, historia, filosofia... Eta parking horretan gutxi batzuk hurbiltzen dira bafleetara. Hurbiltzen direnei esan behar zaie: "Etorri hona, beste gune batera, eta zuei emango dizuegu ikasteko aukera, hemen dago interesantea kontsideratzen dugun ezaguera eta goazen denok  dantza egitera, zuek dantza egin nahi duzuelako". Baina hauek guztiz deskuidatuta daude.

Zer egin daiteke, orduan, sisteman egon nahi ez duten ikasleekin?
Ez diogu geure buruari hainbeste galdetu behar zer egin behar dugun ikasi nahi ez dutenekin, horiek baditugulako. Orain dauzkagu. Jarriko dugu musika altuago. Eta besteak ikusita, agian animatu egingo dira. Orain ez dira eskerronekoak, ikastea derrigorrezkoa dela uste dutelako, hain zuzen. Gurasoei disgustoa ez emateagatik daude asko  eta asko batxilergoan. Panorama horren aurrean batzuetan irakasleek pasioa galdu dezakete eta, irakasleak ilusioa galtzen badu, ez dago zeregin handirik. Komeni da ikasleei ikusaraztea pribilegioa dela ikasten aritzea eta pribilegioa dela ikasten dutenak saritzea.

Horregatik diozu eskolak ezin dituela ikasleak salbatu...
Batzuk salbaezinak dira eta errespetatu behar ditugu. Irakaslearen harropuzkeria ere hor azaltzen da. Gu, irakasleak, ez gara hain indartsuak, guk ez daukagu gaitasun hori. Nietzschek oso ondo esaten zuen moduan, pertsona bat erortzen denean horrela geratu behar da; eta bere kabuz altxatzen bada, besteak hobeto daudela ikusten duelako, pertsona hori indartsuagoa izango da.  Gero trataeraren kontua dago. Edertasuna ez da zaintzen eta nire ustez sinbolo potente bat da. Estetika zaindu beharko litzateke institutu publikoetan, oso itsusiak baitira. Mezu patetiko bat bidaltzen ari garelako. Leku itsusi batean nola egingo ditugu gauza politak? Edertasun hori lehenengo eta behin zainduz gero, agian jendea gusturago sentitzen hasiko litzateke. Administrazioari okurritzen zaio edertasuna zaindu egin behar dela? Ezta pentsatu ere.

Kreatibitatearen eta mugimenduaren aldeko apostua egiten duzu liburuan...
Gure umetxoei, eskolara sartzen direnean, gorputzak espazio osoa har dezan irakasten diegu. Bat-batean esaten diegu mahai batean eserita egon behar dutela, etengabe informazioa jasotzen eta mugitu gabe.  Orain eta gu ikasle ginenerako balio duen eskolaren definizioa egin nahi badugu, pertsona askok bertara joan nahi ez duten ikaskuntza-erakundea da. Eskolak jarduera fisikoei lekua uzten hasi behar du, dantza egiten, abesten, margotzen...