Maialen Gisasola, Ekinguneko presidentea: “Debabarreneko ekintzaile guztiei aukerak eman nahi dizkiegu”

Maialen Gisasola, Ekinguneko presidentea: “Debabarreneko ekintzaile guztiei aukerak eman nahi dizkiegu”
2019/03/06 eta kitto!
Ekingune Ekintzaileen Elkarteak zuzendaritza aldatu du eta Maialen Gisasola izango da elkarteko presidentea aurten. Gisasola Eibarrooms auto-checkin kudeaketako ostatuaz arduratzen da eta Ekingunek antolatzen duen ‘On ekin’ lehiaketa irabazi ondoren, hiru urte daramatza elkarte barruan. Hain zuzen ere ‘On ekin’ egitasmoari bultzada eman nahi dio eta horren alde egingo du lan aurten, besteak beste.

 

- Zer moduz lehen egunak Ekinguneko presidente moduan?

Eguaztenean hasi nintzen presidente moduan. Debako emakume erakundearekin ekitaldi txiki bat eduki genuen eta orduan estreinatu nuen kargua ofizialki. Elkarteko kide guztien artean egiten dugu lan Ekingunen eta presidentea naizenez elkarteko ordezkari moduan joango naiz udaletxera, irratira edo horrelako gauzetara, baina besterik ez.

- Zergatik izendatu zaituzte presidente?

Nork bere burua aurkezten du, baina nire kandidatura bultzatu egin zuten. Batzar Nagusian nire hautagaitza mahai gainean jarri zuten eta nik onartu egin nuen. Azken finean, aurten ez bada, datorren urtean edo hurrengoan tokatuko zitzaidan, eta nahiago dut orain egin. Lan asko daukat, baina Eibarroomsekin martxa hasi dugu eta Ekinguneko presidente izateak duen ardura hartzeko gogoz nago.

- Zer eskaini ahal diozu Ekinguneri presidente moduan?

‘On ekin’ lehiaketari pare bat buelta eman nahi dizkiot, bultzada emateko. Nire adineko (25 urte) beste bi neska (Bizipozekoak) daude taldean eta hiruon artean ‘On ekin’ bultzatzeko lana gogoz egingo dugu. Bestetik, presidente moduan aurpegia emango dut elkartearen izenean eta ahal den neurrian ekintza guztietara joango naiz.

- Zenbat kide, enpresa edo proiektu daude Ekinguneren baitan?

30 kide daude. Denetariko enpresa eta proiektuak ditugu: aholkularitza, aseguruak, marketina, dendak, itzulpengintza...

- Horretan datza Ekinguneren izaerak? Anitza izatea?

Denon artean laguntzea da asmoa. Sektore asko dago elkartean sartuta eta gure artean lan egiten dugu batak bestearekin. Eibarroomsen, adibidez, Ekinguneko beste kide batekin landu genuen webgunea eta aholkularitza elkarteko beste bazkide batek ematen digu.

- Zeintzuk dira Ekinguneren erronkak 2019. urtera begira?

Urte amaieran bilera handi bat egin genuen bazkide guztiekin eta, 2018an egindakoa errepasatu ondoren, 2019an aurrera atera nahi duguna zehaztu genuen. ‘On ekin’ lehiaketa da gure ikurra eta proiektuarekin aurrera egingo dugu hainbat aldaketarekin. Gero, mentoring (aholkularitza) aldetik gauza gehiago egin nahi ditugu. Eta bestetik, beste herri batzuetara zabaltzen ahalegindu nahi dugu. Elkarteko kide gehienak (30etik 28) eibartarrak gara, baina ez dugu Eibarren bakarrik gelditu nahi. Debabarreneko ekintzaile guztiei aukerak eman nahi dizkiegu.

- Eskualdeko beste herrietan ez dago Ekingune bezalako elkarterik?

Ez, baina badaude Ekingune bezalako elkarte bateko kide izan nahi duten enpresa edo dendak.

- Nolakoa de Ekinguneren jarduna?

Hilean behin biltzen gara hilabetean egindako lana ikusteko. Proiektuak taldeetan banatzen ditugu eta taldeek euren kabuz egiten dute lan ahal duten neurrian. Bestetik, ‘On ekin’ eta bestelako ekitaldi puntualak antolatzen ditugu.

- Ekingune 2012an sortu zen. Nolako balorazioa egiten duzue urte hauen gainean?

Gero eta bazkide gehiago dago elkartean, aurpegi berri asko eta jende gaztea sartu da. Ekintzailetza berba denon ahotan dago eta gazte askok jakin nahi du hori zer den.