Markel Ruiz, argazkilaria: “Nire kabuz ikasi dut argazkiak egiten”

Markel Ruiz, argazkilaria: “Nire kabuz ikasi dut argazkiak egiten”
2018/11/19 08:23
eta kitto!
Markel Ruizek 14 urte ditu, DBHko 3. mailako ikaslea da eta orain dela urtebete hasi zen argazkiak ateratzen, baina dagoeneko lortu du sari handi bat. Indalecio Ojanguren XXXI. Argazki Lehiaketan herri mailako bigarren saria eskuratu du, goi-mailako argazkilarien artean tokia eginez. Duda barik bultzada handia jaso du argazkilaritzarekiko duen maitasunak.

 

- Nolako lana egin behar izan zenuen saritutako argazkia egiteko?

Argazki bat saritu arren, bost aurkeztu nituen lehiaketara (bat betegarri moduan bidali nuen). Argazkiek ez zuten elkarren artean zerikusirik, hau da, ez zuten gai bera jorratzen. Adibidez, argazki saritua fabrika batean atera nuen, baina beste batean auto baten piezak lurrean botata agertzen ziren.

- Nola sortu zitzaizun ideia?

Lagun bat eta biok hutsik dagoen tailer batean sartu ginen eta argazkiak ateratzen ibili ginen. Etxean argazkia ikusi nuenean asko gustatu zitzaidan eta ordenagailuan pixka bat moldatu nuen. Ez nintzen ideia batekin joan fabrikara, han inprobisatu nuen.

- ‘Atrapado en mi mente’ da argazkiaren izenburua. Zer saiatu zara islatzen?

Bilduma osoari jarri behar zitzaion izena eta lagun batzuekin pentsatu nuen zer jarri.

- Argia, iluntasuna, hautsa... efektu berezia dauka zure argazkiak. Nola lortu duzu?

Fabrikako lurrean porlan-hautsa edo horrelako zerbait zegoen eta lagunari ostiko bat emateko eskatu nion. Horrela lortu nuen argazkian ikusten den hautsaren efektu hori.

- Ospe handia dute Indalecio Ojanguren sariek. Zer sentitzen duzu zure izena irabazleen artean ikustean?

Horrelako lehiaketa batean parte hartzen dudan lehen aldia da eta amak irabazleen artean nengoela esan zidanean ezin nuen sinestu. Gero lagunei esan nien eta ez zioten garrantzi handirik eman (barreak).

- Zer bultzatu zintuen argazkiak ateratzera?

Orain dela urtebete gutxi gora behera mugikorrarekin argazki bat egin nuen eta nahiko ondo zegoela iruditu zitzaidan. Gero, argazki kamera erosi nuen eta edonora eramaten dut gaur egun.

- Nolako argazkilaritza-ekipoa daukazu?

Flasha ez daukat, adibidez, ez dudalako inoiz erabiltzen. Nikon D3400 kamera daukat 18-55 mm (f3.5) eta 70-300mm (f4.5) objektiboekin, eta bi tripode badauzkat ere.

- Nolako argazkiak egitea gustatzen zaizkizu?

Edozein. Denetariko argazkiak egiten ditut eta horrela ikasten dut.

- Argazkilaritza klaseak jasotzen dituzu?

Ez, nire kabuz ikasi dut, Youtubeko bideoak ikusten.

- Badaukazu argazkilaritza munduko erreferenterik?

Erreferenterik ez daukat, baina Clavero youtuberraren bideoak asko ikusten ditut eta inspiratzeko balio didate.

- Diru-sariarekin zer egin pentsatu duzu?

Dagoeneko gastatu dut dirua (barreak). Mugikor bat erosteko erabili dut, nahiko garestia delako. Hori bai, oso kamera ona dauka.