Sokamuturra egingo da aurtengo San Juan jaietan, eztabaida sozial eta politiko handia tarteko

Sokamuturra egingo da aurtengo San Juan jaietan, eztabaida sozial eta politiko handia tarteko
2026/06/18 21:35
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ia hamar urteko etenaldiaren ondoren, Eibarko Udalak sokamuturra berriz ere San Juan jaietako egitarauan sartzea erabaki du. Ekainaren 21ean, 24an eta 25ean egingo da Untzaga plazan, goizeko zortzietan, haurren txokolate-jananekin batera.

Erabakiak eztabaida piztu du herrian, eta kontrako zein aldeko mobilizazioak egin dira. Gaur arratsaldean egindako ezohiko osoko bilkuran berretsi du Udalbatzak sokamuturra mantentzeko erabakia, eta atzera bota du ekitaldia eteteko aurkeztutako mozioa.

Bozketan, Elkarrekin Ahal Duguk babestu du proposamena; EH Bildu abstenitu egin da, eta PSE-EEk eta EAJk aurka bozkatu dute.

Bestalde, EAJk aurkeztutako beste ekimen batek aurrera egin du, EH Bilduren babesarekin, eta horren bidez elkarrizketa eta parte-hartze prozesu bat abiatzea adostu da, sokamuturraren etorkizuna herritarren eta eragile politikoen artean aztertzeko.

Sokamuturra ez: 200dik gora laguneko elkarretaratzea asteartean

Asteartean, “Eibarko Sokamuturra Ez” taldeak deituta, 200 pertsona baino gehiago elkartu ziren Untzaga plazan, sokamuturra bertan behera uzteko eskatzeko. Mobilizazioan, animalien ongizatea eta jai-ereduaren kritika izan zituzten ardatz.

Taldearen arabera, Udalaren erabakia “atzerapausoa” da, eta ez du herriko adostasun sozial eta politikoa islatzen. Halaber, sokamuturra haurren txokolate-janarekin batera egiteak animalien sufrimenduaren normalizazioa ekar dezakeela ohartarazi dute.

Mobilizazioan hainbat kolektibo animalista eta sozial batu ziren, eta azken asteetan egindako sinadura kanpainak ere gogorarazi dituzte.

Sokamuturra bai: 50 lagun udaletxe aurrean gaur

Gaur, osoko bilkura hasi aurretik, 18:30ean, 50 bat lagun elkartu dira Untzaga plazan sokamuturraren alde.

Aldekoek ekitaldiaren jarraipena defendatu dute, sokamuturra Eibarko jai-tradizioaren parte dela azpimarratuz eta herritar talde baten babesa duela nabarmenduz.

Bi mobilizazioek agerian utzi dute herrian dagoen zatiketa soziala eta gaiaren inguruko eztabaida bizia.

Etorkizunerako prozesu irekia

Osoko bilkuran onartutako bigarren mozioaren bidez, alderdien eta herritarren arteko elkarrizketa prozesu bat abiatuko da. Helburua izango da sokamuturraren inguruko iritziak jaso eta etorkizuneko erabakiak modu partekatuan aztertzea.

Horrela, aurtengo San Juan jaietan sokamuturra egingo da, baina haren etorkizunaren inguruko eztabaidak irekita jarraitzen du, bai esparru politikoan bai sozialean.