Domekan Ermutik Eitzagara egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak

Domekan Ermutik Eitzagara egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak
2022/02/02 14:31
eta kitto!
Domekan, otsailaren 6an beteko di bi urte Zaldibarko zabortegia amildu zenetik eta, urteurrenaren harira antolatu direnen berri emateko, agerraldia egin dute gaur goizean Arrate Kultur Elkartean Zaldibar Argitu, Aldaketaldiak eta Ekologistak Martxan plataformek, besteak beste. Prentsaurrekoan herritar guztiei dei egin diete domekan, 12:00etan, Ermuko plazan batzeko, hortik Eitzagara manifestazioan joateko. Eitzagan Zaldibar Argituk antolatutako ekitaldia egingo da, 13:00ean.

Zaldibar Argituren izenean berba egin duen Gaizka Zabartek gogora ekarri du 2020ko hondamendian gertatutakoa: “Eitzagan batuko gara, Eitzaga delako hondamendiaren epizentroa. Eitzagan hil ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Eitzagan geratu zen Joaquin Beltran, betirako. Ez zen istripua izan, hilketa baizik. Zuhurtziagabeko homizidioa onartu zuten Verterreko arduradunek eurek. Hori onartu zuten epaiketa eta kartzela saihesteko. Argitu den kontuetako bat da heriotza horiek ekidin zitezkeela, Barinaga eta konpainiak ekidin zitzaketen. Baita Eusko Jaurlaritzako arduradunek, zegokien lana egin izan balute”.

Nabarmendu duenez, “Eitzagako biztanleak izan ziren, hildakoen ostean, kaltetuenak, Eitzagako lurrak, urak eta airea. Eta hortik inguruko herrietara zabaldu zen kutsadura. Miserablea benetan, lehenengo Eusko Jaurlaritzak eta segidan Zaldibarko udalak, osasun azterketak ukatzea Eitzagako 37 bizilagunei”.



Bi urte hauetan erakundeek hondakinen kudeaketan gauzak hobetzeko astia izan dutela adierazi dute plataformatik, “baita ere Verterrekoek eragindako hondamendian arduradun politikoek izan dituzten ardurak argitzeko ere. Baina agintariek lehengo lepotik burua. Haien asmoen berri ematen du asmatu berri duten Tapia Legea. Esan genezake, Zaldibarren probatu dutela onartu aurretik. Izan ere Zaldibarko udalak, bere eskuduntza izan arren, ez du parterik hartu zabortegiaren zigilatzean, ezta ere egin zaion handiagotzean eta hori gauzatzeko desjabetzeetan. Udalarenak diren eskumenak bere gain hartu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta kitto. Hori bai, Zaldibarko udala morroi zintzoa izan dute. Eta, zer esan Arriolaz eta Ingurumen Sailburu zela bere aginduetara zuen taldeaz. Ba, denok dakiguna: Arriola beste sail baten buru dela, Ernesto Martinez de Cabredo Ura agentziatik ETS zuzentzera pasatu dela eta Elena Moreno Ingurumen Sailburuorde izatetik Merkataritza Zuzendari izatera”.

Legebiltzarrak nola jokatu duen ere oso kritiko azaldu dira: “Urtarrilaren 27an Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak hondamendia ikertzen jarraitzea erabaki zuen, aho batez. Informazio gehiago eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Europako Batzordeari. Hemen, ostera, Legebiltzarrak uko egin zion Eitzagako hondamendia ikertzeko batzordeari”.

Zabortegien kontrolaren arduraduna Eusko Jaurlaritza dela gogora ekarri dute, zabortegiaren kudeaketan akatsak izan zirela, “baita aurkeztutako proiektu teknikoetan eta zabortegiaren kontrol publikoan” gaineratuta. Hala berresten du Espainiako Gobernuko Cedexek epaitegiari igorritako txostenak, esan dutenez.