Egoera zaurgarrian dauden euskal presoak askatzeko eskatu dute nazioarteko ehun bat eragilek

Egoera zaurgarrian dauden euskal presoak askatzeko eskatu dute nazioarteko ehun bat eragilek
2020/05/19 eta kitto!


SARE Herritarrak mugimenduak gaur egindako agerraldian adierazi duenez, "jarraitzen dugu eskatzen kartzelatik atera ditzatela Covid-19aren kutsapenaren aurrean bereziki ahulak diren taldeetako presoak: 65 urtez gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak edo haiekin batera kartzelan preso seme-alabak dituztenak. Eskatzen dugu, halaber, aske utz ditzatela zigor laburrak dituztenak, alarma egoeraren aurretik ere irteteko baimenak zituztenak eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak".

Idatzia sinatu dutenen artean daude hainbat gobernutako kideak, osasunaren arloko profesionalak, gizarte-erakundeak, giza eskubideen defendatzaileak, unibertsitateko irakasleak edo nazioarteko gatazketako bitartekariak; “guztiak ideologia desberdinetakoak”, nabarmendu du Sare Herritarrak. Sarek berak egina du aurretik eskaera hori bera, eta gogoratu duenez, “Europako Kontseilua, Nazio Batuen Erakundea eta orain mundu mailako ehun pertsona esanguratsuren eskaria da” dagoeneko.

Mugikortasunerako ezarritako mugak
Azaltzen dutenez, “egia bada ere berriz hasi direla familiako eta gertukoekiko komunikazioak, kristala tarteko, bai eta espetxeetako baimenetako irteerak ere, bi kasuetan baldintzatuta daude, mugikortasunerako ezarritako mugak bete behar baitira nahitaez (probintziatik ez ateratzea). Horren ondorioz, zigorra bere jatorritik urrun dagoen kartzela batean betetzen ari denak ez du praktikan bisitarik jasoko, ez eta baimena hartzeko aukerarik izango ere”. Horregatik, “eta kontuan hartuta Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak presoen eskubideak urratzen dituela, ez baitu betetzen lege agindua, hau da, presoek errotuta dauden tokiko kartzelan betetzea zigorra”, eskatzen dute salbuespen gisa baimena eman dadila joanetorri horietarako, presoek ateratzeko baimena izan dezaten eta familiakoek eta gertukoek bisitak egin ditzaten.
Beste behin ere adierazu dute “borondate politikoa dela kontua, eta garai hauetan, inoiz baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren esanetara egon behar duela. Preso daudenen kasuan ere bai”.

Argazkia: ekinklik.org



Argazkia: ekinklik.org