Gaur emango zaio hasiera Martxoaren 8ko egitarauari

Gaur emango zaio hasiera Martxoaren 8ko egitarauari
2021/03/05 eta kitto!
Astelehenean ospatuko da Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, baina jarduerak ez dira Martxoaren 8ra bakarrik mugatzen, gaurtik aurrera martxoa osoan zehar hainbat ekintza antolatu dituztelako herriko eragile feministek. Martxoa hilabete berezia da borroka feministarentzat, baina ez da egun edo sasoi bakarreko kontua, eguneroko borroka da, eta pandemiak agerian laga dituen krisi eta hutsuneei aurre egiteko lanak ez du etenik. Aurten ere bizitzako esparru ezberdinetan eragingo du mugimendu feministak eta herriko eragileek prestatu duten egitarauaren berri eman digute. Maskarek ere ezingo dituzte isilarazi feministen aldarrikapenak, geroz eta ozenagoa baita euren ahotsa.

Captura de pantalla 2021-03-05 a las 10.41.30

Eibarko Mugimendu FeministakDena aldatu sistema arrakalatuz’ aldarria egingo du aurten, Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat eginez. Urteak daramatzate “sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta abar luze honekin amaitzeko beharra aldarrikatzen”, diotenez; eta aurten, “pandemia egoerak agerian utzi ditu sistema honen baitan existitzen ziren hainbat krisi eta hutsune, eta horiek aldatzeko egungo sistema arrakalatzea ezinbestekoa dela uste dugu, bakoitzak bere egunerokoan egin ditzakeen ekintza txikietatik hasi eta gizarte bezala egin ditzakegun aldaketetaraino”.

Egitarauaren prestaketan Nalua eta Matraka talde feministak ibili dira. Naluak hainbat urte daramatza lanean, baina Matrakak aurreko irailean hasi zuen bidea. Herriko neska* gazteek sortu duten taldea da eta Mugimendu Feministak beso zabalik hartu du. “Elkarrekin lan egiteak elkarrengandik asko ikasteko aukera ematen digula uste dugu eta positiboki baloratzen dugu esperientzia bi taldeetako kideok. Uste dugu herriko bi talde feministek elkarlanean jardutea oso potentea eta iraultzailea dela, besteak beste, gure arteko sareak eraikitzeko eta indartzeko aukera ematen digulako”, euren ustez.

Hainbat ekimen antolatu dituzte Martxoaren 8ra begira eta gaur bertan hasiko dira egitarauarekin. 19:00etan, Anbulatorioko parketik hasita, kaleak hartuko dituzte Martxoaren 8ra begira motorrak berotzeko eta kaleak girotzeko. “Jendeari gure asmoen berri emateko eta gure aldarrikapenak ikusarazteko aprobetxatuko dugu arratsaldea”, esan digutenez.

Bihar Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren itxiera ekitaldia egingo da Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian eta Eibarko Mugimendu Feministari iruditu zaio Mundu Martxarekin bat egiteko modu aproposa izan daitekeela egitarau propiorik ez antolatzea. ‘Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez’ izan da nazioarteko ekimenaren 5. edizioko goiburua.

Martxoaren 7an, domekan, zaintzaren gaia landuko dute Untzagan 11:30etik aurrera egingo den mahai-inguruan. “Gaur egun denon ahotan dagoen gaia da. Behin eta berriz entzuten dugu zaintza krisia bizi dugula. Beraz, parte-hartzaileen bizipenetatik abiatuta, ikuspegi ezberdinetatik gai honen inguruko gogoeta egin nahi dugu. Ez da ezagutza teorikorik behar mahai-inguruan parte hartzeko, helburua gure bizipen eta gogoetak partekatzea baita”, diote antolatzaileek. Ekintza aire librean egingo da osasun-neurri guztiak betez.

Martxoaren 8an, ohikoa denez, manifestazioa egingo da. 19:30ean hasiko da Untzagatik eta, azken urteetan egin bezala, lehen lerroak “emakumeek, transek eta bollerek” hartuko dituzte, “gune ez-misto bat izango delarik manifestazioaren aurrean joango dena”, azaldu digutenez. “Horrez gain, bertan egon ezin direnei lekua egin nahi diegu: zaintza-lanak egiten ari direnei, preso daudenei…”. Eta ez hori bakarrik, manifestazioan zehar ekimen txikiak egiteko asmoa baitute, “gure aldarrikapenak ikusarazteko modu bezala”, azaltzen dutenez.

Manifestazio zaratatsua izatea nahi dute, “entzun gaitzatela nahi dugulako”. Horregatik, parte-hartzaile bakoitzak bere etxetik zarata egiten lagunduko dion zerbait eramatea eskatzen dute, “ez baitugu herriko kaleetatik oharkabean pasa nahi”.

 

Hitzaldiak, solasaldiak, tailerrak…

Andretxeak eta Udaleko Berdintasun Zerbitzuak, Arrate Kultur Elkarteak eta …eta kitto! Euskara Elkarteak Martxoaren 8ko Lan Taldea sortu zuten 2017. urtean, Martxoaren 8aren inguruan egitarauak modu kolektiboan antolatzeko eta elkarlana sustatzeko asmoz. Talde irekia da eta esku zabalik hartzen dituzten elkarte, kide eta proposamen berriak.

Aurten, Martxoaren 8ko manifestazioarekin bat egiteaz gain, hainbat ekimen egingo dituzte martxoan zehar ‘Bizi sareak ehunduz’ goiburuarekin. Ekintza guztiak Portalean egingo dira eta, bizi dugun sasoia kontuan hartuta, osasun- eta segurtasun-neurri guztiak hartuko dituzte. Ez da sarrera eta gonbidapenik hartu behar izango erakusketa, hitzaldi edo solasaldietara joateko, baina aretoaren aforoa betetzen denean ateak itxiko dira.

Martxoaren 8ko Lan Taldearen egitarauarekin hasteko, hilaren 12an, barixakuan, erakusketa bi jarriko dituzte Portaleko erakusketa aretoan: ‘Itsaspeko bihotzak areto literarioa’ eta ‘Emakume asmatzaileak’. Lehena, Lehen Hezkuntza 4. mailako ikasleentzat dago zuzenduta eta genero-berdintasunaren gaia jorratzen du euskal haur-literaturaren bidez. Bigarrenak, izenak dioen bezala, emakume asmatzaileak izango ditu ardatz. Erakusketa biak hilaren 30era arte egongo dira zabalik.

Erakusketak hasten diren egun berean, ‘Adierazi ez dena’ ikuskizuna eskainiko dute erakusketa aretoan 18:30ean. Dantzaren bitartez une hau baino lehenagoko kultura, forma edo definiziorik gabeko erritual edo rave batetik gertu dagoen esperientzia sortzen saiatzen da Arantza Iglesias artista.

Hilaren 18an, eguenean, ‘Erroa eta geroa’ dokumentala eskainiko dute 18:30ean eta solasaldia egingo da gero. Dokumentalak Euskal Herriko toki oso desberdinetako emakume baserritarren ahotsak jaso ditu. Gazteenak 30 urte bueltan dabiltza, nagusienak 90etik gora. Hainbat bizipen eta korapilo kontatzen dituzte, hainbat kezka eta galdera, erroa jasoz eta geroa irudikatu nahirik.

Hilaren 22an, astelehenean, aurten bolo-bolo ibili den zaintza-lanen gaia ekarriko dute gurera ‘Zaintza-lanen demokratizaziorantz’ hitzaldiarekin. Saioa 18:30ean egingo da, Portaleko areto nagusian.

Emakumeek eta mugimendu feministak egoera berri eta zailei aurre egiteko erakutsi duten gaitasunaren erakusle, hilaren 24an, eguaztenean, ‘Koronabirusarekin (ere) bidea egiten badakigu’ tailerra eskainiko dute 18:00etan. Ekintza honetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea eta 688 85 34 40 - 943 54 39 38 telefonoetara deituta edo andretxea@eibar.eus helbidera idatzita egin daiteke martxoaren 19a baino lehenago.

Egitarauarekin amaitzeko, hilaren 30ean, martitzenean, ‘Mujeres al Cuadrado 2010-2020’ lanarekin bideo-foruma egingo dute. 2010ean indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko asmoz sortu zen Mujeres al Cuadrado elkarte eibartarrak 10 urte hauetan egin duen ibilbidearen berri emango da bertan.

 

Jarduera fisikoa berdintasunaren alde

Eibarko Mugimendu Feministak eta Martxoaren 8ko Lan Taldeak antolatu dituzten ekintzez gain, Uni Eibar-Ermua ikastetxeak ekimen berezia antolatu du hilaren 8tik 14ra ‘365 ordu, 365 egun berdintasunean’ goiburuarekin. Ekintza horrekin ikastetxeko partaide guztien artean jarduera fisikoko 365 ordu lortzea da helburua, “berdintasunaren inguruan kontzientzia hartzeko eta osasuna lantzeko”, azaldu dutenez.

Ekimena aurrera eramateko Strava aplikazioa erabiliko dute eta bertan ikasleek eta langileek egindako kilometroak eta denborak erregistratuko dituzte. Gainera, argazkiak egingo dituzte eta zerbait morea eraman beharko dute soinean. Amaieran, ikasleen artean Eibarko dendarien elkarteko bonoak zozketatuko dituzte.

Aldarrikapenerako ikur bezala, aste osoan zehar ikastetxeko langile guztiek maskara moreak erabiliko dituzte eta Jarduera Fisikoko sailak ekintza batzuk antolatuko ditu kirola egin ahal izateko.