Jardunaldi Transfeministak egingo dira otsailaren 5ean

Jardunaldi Transfeministak egingo dira otsailaren 5ean
2022/01/28 eta kitto!
Matraka! Eibarko neska* gazteen taldeak eta Furia Disidente Madrilgo talde transfeminista eta LGBTIQA+ak Eibarko Jardunaldi Transfeministak antolatu dituzte otsailaren 5erako. Ekimen honen bitartez transfeminismoaren gaia mahai gainean jarri nahi dute, herrian horretaz berba egin dadila, historikoki ikusezinak izan diren errealitate ezberdinak argitara eramanez.

 

Matraka! eta Furia Disidente taldeek egun osoko egitaraua antolatu dute, transfeminismoaren gaia ulertzeaz, horretan sakontzeaz, hausnartzeaz, eztabaidatzeaz eta zabaltzeaz gain, elkar ezagutzeko, zalantzak argitzeko eta, errespetuz eta segurtasun osoz, jai giroan egun atsegina pasatzeko.

Bi zatitan banatu dute eguneko egitaraua. Goizean eta arratsaldean zenbait hitzaldi eskainiko dituzte Portaleko areto nagusian: 10:00etan, ‘Matrakaren ponentzia’; 10:30ean, ‘Transfeminismora sarrera’; 11:00etan, ‘Kontzeptuen gida’; 12:00etan, ‘Normaren dekonstrukzioa’; 13:30ean, luncha eta bazkaltzeko denbora; 16:00etan, ‘Transetik berbetan’; 17:00etan, ‘Monogamiak ez’; eta 18:30ean, eztabaida egingo da. Hitzaldiak gazteleraz egingo dira, baina xuxurlariak egongo dira nahi duenarentzat.

Antolatzaileek esan digutenaren arabera, “gaur egungo gizartean oso naturala dirudi pertsona bat cisheterosexual bezala identifikatzea, jaiotzen garenetik gure parte bat izango balitz bezala, eta beste kategoriak arazo bezala ikustea. Horregatik, jardunaldi hauek gauzak agian horrela ez direla esateko balio behar dute. Hau da, pertsona bat heterosexuala bezala identifikatzea gehiago dela botere erlazioen kontu bat gauza biologikoa baino, eta gauza bera gertatzen da homosexualitatearekin, bisexualitatearekin…”.

Jardunaldi hauen bitartez diskurtso ezberdinak mahai gainean jarri nahi dituzte, gure errealitatea beste modu batean ulertzeko. “Horregatik, pertsona guztiei begira eskaini nahi ditugu jardunaldiak, ez bakarrik kolektiboko jendearentzat. Gai hauetaz berba egitera edo hausnartzera ohituta ez dagoen jendearengana heldu nahi dugu lengoaia irisgarria erabiliz eta, hortik abiatuta, zalantzak argitu, ideiak eman, bizipenak aurkeztu, kritika egin eta ezagutza komuna eraiki”, esan digute antolatzaileek.

 

Jaia gaztetxean

Hitzaldi eta solasaldien ondoren, aisialdiaren txanda iritsiko da, baina beti ere ikuspegi kritikoari eutsiz. “Hitzaldietan lantzen dena ez da hor geratu behar, egunerokora eraman behar ditugun gaiak dira eta aisialdian ere barneratu behar ditugu”, diote antolatzaileek.

Jaiaz gozatzeko asmoz, karro-poteo aldarrikatzailea egingo da 19:30ean, eta gero, iluntzean, gaztetxeak ateak irekiko ditu. Bi emanaldi egingo dira bertan: Maruxak Travesti DJ showa eta Feten Señorak.

Jardunaldi Transfeministetan parte hartzeko, Matraka!-ren Instagramean aurkitu daitekeen izapide bat betez eman behar da izena eta hiru sarrera-mota eskaintzen dituzte: 3 euro goiz eta arratsaldeko egitarauaz gozatzeko, 5 euro gauekorako eta 7 euro egun osokorako.

Antolatzaileek “ilusio handiz” antolatu dute egitaraua eta, euren eustez, “zaila da horrelako programa bat edozein herritan ikustea”. Transfeminismoa lantzeko orduan Eibar erreferente izan daitekeela uste dute eta jardunaldietara hainbat tokitako jendea etorriko da.