Baldintza bereziekin zabaldu dituzte kanpoko igerilekuak

Baldintza bereziekin zabaldu dituzte kanpoko igerilekuak
2020/07/03 eta kitto!
Egun lainotsuarekin ireki zituzten kanpoko igerilekuetako ateak eguaztenean. Aurten, egoerak behartuta, inoiz baino beranduago hasi da udako denboraldia. Kanpoko igerilekuetan giro berezia biziko da, arratsaldeetan ohikoak diren jende pilaketarik eta alde batetik bestera jolasean dabiltzan umerik gabe. Ez da beti bezala izango, baina egongo da gozatzeko aukera.

 

Heldu da bustitzeko sasoia. Kanpoko igerilekuak erabilgarri daude eguaztenetik aurrera (txandaka, hori bai) eta kostaldean hasi da hondartza denboraldia. Eguneroko berri honetan barneratu ditugun mugak arlo guztietara heldu dira eta beroa freskatzeko bainua hartzeko ere hainbat neurri hartu beharko ditugu aurten.

Murphyren Legeak agintzen duen bezala, eguraldi kaskarra egin du kanpoko igerilekuak ireki direnean, baina asteburuan eguzkia izango dugula dirudi. Azkar ibili, beraz, kanpoko igerilekuetara joateko txanda hartu nahi baduzue, aforoa mugatua izango baita. Orain dela aste batzuk Felipe Zamakola Eibarko Kirol Patronatuko zuzendariak prentsaurrekoan azaldu bezala, igerilekuan 100 pertsona inguru egon ahal izango dira gehienez aldi berean, eta ordu bi eta erdiz bakarrik.

Kirol Patronatuak telefonoa (943 20 32 40) eta web-aplikazio berria jarri ditu erabiltzaileen eskura erreserba egin ahal izateko, eta bertan hainbat ordutegiren artean aukeratu daiteke (10:00, 10:10, 10:20, 12:45, 12:55, 13:05, 15:30, 15:40, 15:50, 18:15, 18:25, 18:35). Jendea igerilekuan txandaka sartzea eta pilaketak ekiditea da helburua. Beraz, bi ordu eta erditik behin, 10 minutuko tartearekin, 32 lagun sartuko dira, hiru txandatan.

Ez da bakarka joan behar izango, familia-unitateak elkarrekin joan daitezke-eta, baina Kirol Patronatuaren bazkideek bakarrik hartu ahal izango dute hitzordua (aurten ezin izango da udako bazkidetza bakarrik egin) eta ezin izango dira astean hiru aldiz baino gehiagotan joan.

Sarrera eta irteera toki ezberdinetatik egingo da. Sarrera, lehen taberna zegoen tokitik; eta irteera, bestalde, sorosleen etxetxoaren alboan dagoen aldapatik. Horrela, erabiltzaileen arteko distantziari eutsi nahi zaio, eta, hori bermatzeko, ezin izango dira aldagelak erabili.

Igerilekuetan sartzen diren momentuan erabiltzaileei gorputzaren tenperatura neurtuko diete eta egokitzen zaien tokira bideratuko dituzte. Igerilekuan zehar partzelak ondo zehaztuta egongo dira eta ezin izango da bertatik irten, ez bada bainua hartzeko behintzat. Beraz, ezin izango da igerileku guztian zehar jolastu edo batetik bestera libreki mugitu. Erabiltzaile bakoitzak ezarritako partzelaren mugak errespetatu beharko ditu.

Igerilekuak irailaren 8ra arte egongo dira zabalik, beraz, eguraldia lagun, egongo da egoera berrira ohitzeko denbora.

 

Orbea kiroldegia

Bainu beroagoa hartu nahi dutenek Orbea kiroldegia zabalik dute eguaztenetik. Kasu honetan ere hitzordua eskatu beharko da eta astegunetan 11 txanda egongo dira egunero erabiltzaileen eskura (07:30, 08:45, 10:00, 11:15, 12:30, 14:00, 15:15, 16:30, 17:45, 19:00, 20:45). Zapatuetan sei txanda egongo dira (09:00, 10:15, 11:30, 12:45, 17:00, 18:15) eta domeketan lau (09:00, 10:15, 11:30, 12:45). Saio bakoitzean bost pertsona egon ahal izango dira gehienez igerilekuan (pertsona bakarra kale bakoitzean) eta gehienez ordubetez egin ahal izango dute igeri.

Orbeako igerilekua erabiltzeko aldagelak zabalik egongo dira, baina arropaz aldatzeko bakarrik. Dutxatzeko, igerileku alboan dauden dutxak egongo dira eskuragai.

Igerilekuaz gain, muskulazio-gela ere zabalik dago Orbean. Gehienez 10 lagunek erabili ahal izango dute gela aldi berean, ordu eta erdiz. Astegunetan zortzi txanda egongo dira (07:30, 09:15, 11:00, 12:45, 14:30, 16:15, 18:00, 19:45) eta asteburuetan hiru (09:00, 10:45, 12:30).

 

Unbe ekainaren 15etik zabalik

Unbe kirol-guneko ateak ekainaren 15ean zabaldu zituzten eta erabiltzaileek atletismo-pista, padel- eta tenis-pistak, eta muskulazio-gela erabili ahal dituzte.

Atletismo-pistan 12 lagun egon daitezke saio bakoitzean eta ordu eta erdiz erabili ahal izango dute gehienez. Horretarako, egunero bost txanda egongo dira (10:00, 12:00, 14:00, 16:00, 18:00).

Unben bi padel-pista daude eta saio bakoitzean lau lagun egon daitezke pista bakoitzean, gehienez ordu eta erdiz. Hemen ere bost txanda egongo dira egunero (10:00, 12:00, 14:00, 16:00, 18:00).

Tenis-pista erabiltzeko ere bost txanda egongo dira (10:00, 12:00, 14:00, 16:00, 18:00), baina kasu honetan bi lagunek bakarrik erabili ahal izango dituzte. Padelaren kasuan bezala, ordainketak txartelarekin edo kontu korrontearen bitartez egingo dira.

Muskulazio-gela, bestetik, bederatzi lagunek erabiliko dute aldi berean, ordu eta erdiz gehienez, eta besteetan bezala bost txanda izango dira (10:00, 12:00, 14:00, 16:00, 18:00).

Bestetik, nahiz eta ia kirol-lehiaketa guztiak bertan behera geratu diren, kirol-taldeek behar berezirik badute, kirol-guneak erabili ahal izango dituzte. Aurten Lehen Mailara igo den Eibar Rugby Taldeko neskek, adibidez, entrenamenduak hasi dituzte Unben.

 

Bazkideen zalantzak

Kirol Patronatuak bazkideei gutuna bidali die ohiko zalantzei erantzuteko. Bertan zehazten denez, hartutako erabakiak aldatu egin daitezke egoeraren arabera, baina aldaketarik gertatuz gero, horren berri emango dute Udalaren webgunean eta sare sozialetan.

Gutunak dio erabiltzaile bakoitzak bere hidrogela eraman behar duela, nahiz eta kirol-guneeko puntu estrategikoetan pote gehiago jarriko dituzten, eta maskara jantzi beharko dela aholkatzen den guneetan. Gainera, kirol-guneetan modu seguruan mugitzeko lurrean eta hormetan jarritako seinaleak jarraitzeko eta langileei kasu egiteko eskaera egiten da. Horrez gain, sarreran, bazkide txartelaz gain, NAN ere erakutsi beharko da.

Itxialdian kirol-guneak erabili ezin izan direnez, martxoaren 13an bazkideak zirenei hiru hilabete eta erdiri dagokion dirua itzuliko zaie, eta igeriketa ikastaroetan eta uretako ekintzetan izena emanda zeudenei martxoko ordainketaren %50 itzuliko zaie.

Hemendik aurrerakoa ere ez da urte hasieran bazkide egin zirenek onartutako baldintzetan egingo, beraz, bazkideek baja eman dezakete uztailaren 10a baino lehen eta dirua itzuliko zaie. Horretarako, 647870751 telefonora WhatsAppa idatzi, coserjeria@eibarkirola.eus edo clientes@eibarkirola.eus helbideetara idatzi (izen-abizenak, NAN zenbakia eta baja emateko eskaera), edo 943 20 32 40 telefonora deitu daiteke. Bestela, www.eibarkirola.eus helbidean aurkitu daiteke informazio gehiago.

 

Gipuzkoako hondartza-denboraldia

Eguaztenean hasi zen Gipuzkoako hondartza-denboraldia. COVID-19ari zeharka begiratuz, udaz gozatzeko deia egin dute agintariek eta hainbat neurri hartu dituzte hondartzak erabili ahal izateko.

Deban ‘hondartza dinamikoen’ aldeko apostua egin dute. Hondartzaren edukiera murriztu egin dute, gehienez 3 orduz egon ahal izango da hondartzan, ezin izango dira eguzkitakoak eta toldoak jarri, 11:00etatik 19:00etara ezin izango da talde-kirolik egin, eta itsasgoran ezin izango da kirolik egin, besteak beste.

Nik hondartzak’ app-aren bitartez hondartzetako aforoa zenbatekoa den jakin ahal izango da eta ordu erdiro berrituko dute informazioa.