Larrialdi zerbitzuen SOS deia

Larrialdi zerbitzuen SOS deia
2018/12/04 eta kitto!
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian Larrialdietako Koordinazio Zentro bana dago baina, azken hilabeteotan langileek salatu dutenez, toki batean zentralizatu nahi dute zerbitzua, Bilboko Txurdinaga auzoan dagoen zentroan hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzak ez du zurrumurrua ukatu, baina ezta onartu ere. Langileen egonezinaren aurrean, Osasun Sailak azterketa zorrotza egin dezan eskatu du Legebiltzarrak eta prozesua gelditu egin da, baina langileek borrokan jarraituko dutela adierazi dute.

 

Euskal Autonomia Erkidegoan larrialdiak eta premiazko osasun laguntza koordinatzeko ardura duen erakundea da Emergentziak, eta Osakidetzaren ardurapean dago. Erakunde Sanitario Integralak (ESI) iristen ez diren leku eta orduetan asistentzia sanitario urgentea eskaintzen duen zerbitzua da, 24 orduz 365 egunetan, eta neurri handi batean telefonoz egiten da (2017an 400.000 dei jaso ziren EAEn eta horietatik %33 inguru telefonoz konpondu ziren) hiriburuetan dauden Koordinazio Zentroen bitartez.

Konfirmazio ofizialik jaso ez badute ere, Larrialdietako Koordinazio Zentroetako langileak kezkatuta daude zentro guztiak toki bakarrean biltzearen aukeraren aurrean. Isabel Pedrerak eibartarrak adierazi digunez, adibidez, “gure nagusiak zerbait komentatu zigun, baina dena erabakita zegoenean eta, bestela, sindikatuen eta prentsaren bitartez izan dugu toki aldaketaren berri”.

Pedrerak Arabako Koordinazio Zentroan egiten du lan eta, langile gehienek bezala, kezka bikoitza dauka. “Batetik, eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitatea okertu egingo da; eta bestetik, langile askok uko egin beharko dio lanpostuari, denontzat ez delako bideragarria Txurdinagara joatea lan egitera”. Hasiera batean, behintzat, horrela izango da Pedreraren iritziz. “Administrazioak dio gaur egungo programekin ez dela aldaketa nabarituko eta ez dela arazorik egongo, baina ez da egia. Gunea ez baduzu ezagutzen, ez dakizu zer bidali larrialdi bakoitzean, eta langile berri asko sartzen bada, hasiera batean behintzat aldaketa nabarituko da nahitanahiez”.

Zerbitzuaren kalitatearen murrizketari dagokionez, probintzia bakoitzean Koordinazio Zentro bana egotearen abantailak aldarrikatzen dituzte langileek. Zentro batek ezin badu asistentzia eman, beste herrialde bateko zentroak bete dezake lan hori; herrialdea ondo ezagutuz gero, larrialdia gertatu den tokira sasoiz iristeko aukera gehiago dago; eta urteetan ehundako sarearen bitartez, zentroetako langileek pazienteetako asko ondo ezagutzen dituzte eta euren deien aurrean hobeago erantzuten dute. Azken finean hurbiltasuna, enpatia eta ezagutza galduko litzatekela diote, hau da, giza-faktorea.

 

Txurdinagako obrak aurrera

Urrian dimisioa aurkeztu zuen Txema Unanue Osakidetzako Larrialdietako zuzendariak, zentro guztiak toki berean batzeko planteamenduaren aurka agertu ondoren. Beraz, nahiz eta Legebiltzarraren proposamenez Osasun Sailak gai honen inguruan azterketa zorrotza lantzea onartu, langileek uste dute planak aurrera jarraituko duela berdin. “Txurdinagako zentroan obrak egiten jarraitzen dute eta baliteke orain, guk zarata egin eta gero, egoera pixka bat lasaitu nahi izatea, baina hauteskundeak pasatu eta gero aurrera jarraituko dutelakoan gaude”, esan digu Pedrerak.

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiako zentroetako langileek borrokan jarraituko dute, arazoa gizarteratzen eta horren berri ematen. “Bizkaiko langileak harrituta daude, dagoeneko baldintza eskasetan lan egiten dutela esaten digutelako, toki txikirekin eta zaratarekin. Beraz, beste 80 langile hara joanez gero, ez dakit zer gertatu daitekeen”. Laguntza seinalea botata dago.