Otsailaren 1ean Eibarren egingo den Ikasenpresa Azokaren XIII. edizioa aurkeztu dute

Otsailaren 1ean Eibarren egingo den Ikasenpresa Azokaren XIII. edizioa aurkeztu dute
2024/01/26 14:25
eta kitto!
Ikasenpresa Azokaren XIII. edizioa egingo da Eibarren eguenean, otsailaren 1ean. Goizeko 10:00etatik 13:00era Untzaga eta Txaltxa-Zelaian egingo den azokan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako 2.000 ikaslek hartuko dute parte, eta bertan erakutsi eta salduko dituzte beraien produktuak.

Gaur goizean egin dute Ikasenpresa Azokaren edizi berri honen aurkezpena, Eibarko udaletxean. Bertan, Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “Ikasenpresaren XIII. edizioa egin ahal izateak erakusten du Eibarrek eta eskualdeak egiten duten apustua Lanbide Heziketa bultzatzeko, eta negozio- eta enpresa-ideia berriak gauzatzea sustatzeko. Udalak beti babestuko du errealitate ekonomiko berriak sortzea erraztuko duen ingurune bat aztertzen eta zabaltzen jarraitzeko balio duen edozein ekimen”.

Bestalde, Rikardo Lamadrid Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, euskal Lanbide Heziketaren barruan ekintzailetza bultzatzeko ekimenek “izaera estrategikoa” dutela azpimarratu du, “ikasleen prestakuntza eta enplegagarritasuna optimizatzeko bide gisa”. Azaldu duenez, “estrategikoak dira, ez bakarrik ikasleak gaztetatik ekintzailetzan sentsibilizatzearen eta trebatzearen garrantziagatik, baita ere azken emaitza enpresa berriak sortzea badelako”.

Ekitaldian izan dira, halaber, Vanesa Hortas, Eibarko Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia, Agustin Agirre, Ikaskuntza eta Errendimendu Handiko Arloko zuzendaria (Tknika) eta Ergiña Urzelai, Ekintzailetza Kulturakoa (Tknika). Armeria Eskolako eta Uni Eibar-Ermuak ikastetxeko LHko ikasleak ere bertan izan dira, eta azokan aurkeztuko dituzten proiektuetako batzuk aurkeztu dituzte.

Produktuak eta zerbitzuak askotarikoak dira, gehienak geletan ikasten ari diren lanbide-arlokoak, eta irakasleekin batera lantzen dira. Besteak beste kirol-jarduera fisikoak, jarduera industrialak, irudi pertsonala, ostalaritza eta turismoa, informatika, komunitatearentzako zerbitzuak, arte grafikoak, nekazaritza eta arrantza, zerbitzuak, farmazia eta parafarmazia bezalako arloak landu dituzte ikasleek.

Guztira 400 ikasenpresak erakutsiko dituzte beraien produktuak, goiz osoan zehar. Ikasenpresa Azoka Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mende dagoen Tknikak antolatzen du (Euskadiko LHko Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa), Eibarko Udalaren eta Eibarko Oinarrizko LHko "ikasenpresen" laguntzari esker.

2024KO AZOKA ZENBAKITAN

Ikastetxeak: LHko 55 ikastetxe.

Parte-hartzaileak: 400 Ikasenpresa

Ikasleak: 2.000