Bertako 130 zuhaitz landatuko dituzte domekan, Zuhaitz Egunean

Bertako 130 zuhaitz landatuko dituzte domekan, Zuhaitz Egunean
2023/02/13 eta kitto!
Domekan Zuhaitz Eguna izango da eta bertako 130 zuhaitz edo zuhaixka landatuko dituzte Lindarin, Urkoren magalean, Udalak zaintza-akordio baten bidez duen lursailean. Haritzak, urkiak, arteak, gorostiak, otsalizarrak, elorri zuriak, elorri beltzak eta astigarrak landatuko dituzte, besteak beste.

Lindarira igoera taldean egingo da eta, horretarako, bi elkargune ezarri dituzte. Lehen taldea 09:30ean geratuko da Klub Deportiboan eta bestea 10:00etan Artegietan (Amañako ikastetxearen ondoan). Zuhaitzen landaketa, bestetik, 10:30etik 13:00etara bitartean egingo da.

Jardueran parte hartzeko plazak mugatuak dira. Beraz, ezinbestekoa izango da Lurgaia Fundazioan izena ematea info@lurgaia.org helbidera mezua bidaliz honako datuekin: izen-abizenak, adina, posta elektronikoa, telefonoa eta aukeratutako elkargunea. Izena emateko epea eguenera arte (otsailak 16) egongo da zabalik.

Antolatzaileek ura, goizerako janaria, mendiko botak eta arropa erosoa eramatea gomendatzen dute. Gainera, lursailak malda handia duenez eta zati handi batean otez josita dagoenez, landaketak egingo diren eremua zailtasun ertain-handikoa da eta aurten jarduera 12 urtetik gorakoentzat bakarrik izango da.

zuhaitz eguna