Domekan egingo den zuhaitz-landaketan parte hartzeko deia egin du Eibarko Baso Biziak elkarteak

Domekan egingo den zuhaitz-landaketan parte hartzeko deia egin du Eibarko Baso Biziak elkarteak
ETA KITTO 2023, Urr 31

Eibarko Baso Biziak elkarteak zuhaitz landaketa antolatu du domekarako (azaroak 5), Eibarko Udalaren, Soraluzeko Baso Biziak-en eta Lurgaiaren laguntzarekin. Bertoko zuhaitzen landaketa Eibarko lurretan egingo da, Santutxun, eta azaldu dutenez, “jende askoren laguntza beharko dugu, zuhaixka asko landatu nahi ditugu-eta”. Hori dela eta, herritar guztiei dei egin nahi diete, parte hartzera animatu daitezen. Izena ematea beharrezkoa da eta, horretarako, info@lurgaia.org helbidera mezua bidali behar da, parte-hartzaileen izen-abizenak, adina eta telefono zenbaki bat (ezustekoetarako) adierazita.

Domeka goizean 09:30ean elkartuko dira, Ipuruako Eroskiko aparkalekuan, izena eman duten guztiekin taldeak osatu eta automobilez joateko antolatzeko. Bestalde, praka luzeak eta mendiko botak janztea gomendatu dute, “eta euria egiten baldin badu, uretako arropa”.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »