Eibarko Mendiak Bizirikek Basalgoko prozesuan gardentasun handiagoa eskatu du

Plataformaren arabera, proiektuaren dokumentazio berria ez zaie herritar guztiei helarazi, eta horrek alegazio berriak aurkezteko aukera zailtzen du.
Eibarko Mendiak Bizirikek Basalgoko prozesuan gardentasun handiagoa eskatu du
2026/09/11 12:22
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Mendiak Bizirik herri plataformak Basalgoko parke eolikoaren proiektuaren tramitazioan gardentasun handiagoa eskatu du. Plataformak salatu duenez, Arena Power enpresak proiektua eta Ingurumen Inpaktuaren Azterketa aldatu ostean aurkeztutako dokumentazioa ez da publikoki zabaldu, eta Eusko Jaurlaritzak «interesduntzat» jotzen dituen pertsona, elkarte eta administrazioei soilik helarazi die.

Basalgoko proiektuak beste fase batean jarraitzen du milaka herritarrek aurkeztutako alegazioen ondoren. Joan den udazkenean partikularrek eta elkarteek milaka alegazio aurkeztu zituzten, eta proiektuaren eraginpeko bost udalek eta Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek ere txosten teknikoak egin zituzten. Horien ondoren, Eusko Jaurlaritzak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzentzeko eta aldatzeko eskatu zion Arena Powerri. Plataformak azaldu duenez, enpresak abuztuan bidali zituen dokumentu berriak, eta ondoren alegazioak aurkezteko beste epe bat ireki da.

Dokumentazioa eskuratzeko zailtasunak

Eibarko Mendiak Bizirikek dioenez, ordea, dokumentazio berria ez da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta «interesduntzat» jotako hartzaile kopuru mugatu bati bidali zaio. Plataformaren arabera, tartean ez daude 6.282 herritarrek sinatutako herri-alegazioen sustatzaileak, ezta beste erakunde eta lurren jabe batzuk ere.

Egoera horrek herritarren parte-hartzea mugatzen duela uste du plataformak, dokumentazioa eskuratu ezean ezin baita proiektuaren aldaketak eta ingurumen-inpaktuaren azterketa behar bezala aztertu, eta, hala badagokio, alegazio berriak aurkeztu.

Eibarko Mendiak Bizirikek, gainera, zalantzan jarri du Arena Powerrek aurkeztutako dokumentazio berriaren edukia. Plataformak dioenez, hasierako proiektua, oro har, mantendu egiten da, eta Eusko Jaurlaritzak aurrez egindako errekerimendu batzuei erantzun gabe jarraitzen duela edo hainbat atal zehaztu gabe uzten dituela adierazi du.

Plataformak saguzarren babesari lotutako proposamen bat ere aipatu du adibide gisa. Haren arabera, haizerrota batzuetatik gertu saguzarrak daudela kontuan hartuta, enpresak inguruko lurrak erosi eta makroerroten inguruko 200 metroko erradioan dauden zuhaitzak erauztea proposatu du.

Espedientea eskuratzeko eskaera

Egoera horren aurrean, Eibarko Mendiak Bizirikek eskaera formala aurkeztuko du Ingurumen Inpaktuaren Azterketaren espedientea eskuratzeko. Plataformak, halaber, dokumentazioa aztertu eta beharrezkotzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko 30 eguneko epea eskatu nahi du.

Bide horretan parte hartu nahi duten elkarte eta partikularrei plataformarekin harremanetan jartzeko deia egin die, eibarkomendiakbizirik@gmail.com helbidean.