Ingurumenaren aldeko hitzarmena sinatu dute bailarako 13 enpresak

Ingurumenaren aldeko hitzarmena sinatu dute bailarako 13 enpresak
2022/09/28 eta kitto!
Asteklimaren baitan, ingurumenaren aldeko hitzarmena sinatu dute Debabarreneko 13 enpresak, konpromisoa hartuz CO2 murrizten duten praktika onak elkarbanatu eta baliosteko. Kalkulatu dutenez, praktika on horien bidez CO2 emisioak 2.139 tonatan murriztuko dira. Ekimena Debegesak bultzatu du, eskualdeko udalekin batera.

Asteklima, Euskadiko Klimaren eta Energiaren astearen (urriaren 2ra arteko astea) bueltan adierazi dute publikoki eskualdeko 13 enpresak “2030eko Agendaren eta Ingurumen Jasangarritasunaren aldeko apustua”, enpresa horietan egiten dituzten praktika onak partekatuz. Praktika on horien artean daude, esaterako, produktuen eta zerbitzuen ekodiseinua, energia-eraginkortasuna, energia berriztagarrien erabilera eta industria-prozesuetako hondakinen balorizazioa.

 

CO2 murrizketa

Debegesak jakinarazi dituen datuen arabera, 13 enpresa horiek jarduera egokiei esker,  CO2ren emisioa 2.139 tonatan murriztuko dute; bestela esanda, 2.139 familiak isurtzen duten besteko CO2 tona gutxiago isuriko dituzte. Tona kopuru hori xurgatzeko, 37,50 hektareako baso mistoa beharko liratekeela ere kalkulatu du Debegesak.

 

Izen-ematea zabalik

Joan den barikuan, enpresen konpromisoa erakusteko, haien ordezkariak Debegesako egoitza nagusian elkartu ziren. Edozelan ere, Debegesatik azpimarratu dute ekimen horretan parte hartzea zabalik dagoela eta enpresa gehiagok ere badutela aukera euren praktika egokiak besteekin partekatzeko. Horretarako Debegesarekin harremanetan jarri behar da, 943 82 01 10 telefono zenbakira deituta.

 

Argazkian, ezkerretik eskumara hitzarmena sinatu duten enpresen ordezkariak: Izaro Irazusta (Debegesa); Borja Garate (Grupo Unceta); Esther Velasco (HRE Automation); Miren Egaña (Bronymec); Adrián Merino (ABC Compressors); Elisa Galán (ABC Compressors); Aitziber Kortazar (Debegesa); Guillermo Curiel (EPC); Iñaki Iribar (Danobat); Susana Velasco (Hervel Electroquímica); Ibon Robles (Schaeffler Iberia); Andoni Juaristi (Graficas Juaristi) eta Nekane Naberan (Naberan)