Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren edizio berria aurkeztu dute

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren edizio berria aurkeztu dute
2022/12/12 eta kitto!
CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 21. edizioa jasoko du Eibarrek abenduaren 14, 15 eta 16an, arratsaldeko 18:00etan, Coliseoan. Bertan, laurogei herrialde ezberdinetako sortzaileen 35 laburmetraia eta bost dokumental egongo dira ikusgai, itsaspean gertatzen dena azaldu eta klima larrialdian arreta ipini asmoz. Izan ere, ‘Orain edo inoiz ez’ izango da aurtengo edizioaren goiburua, “akziora pasatzeko ordua delako eta atzera bueltarik ez dagoelako”, David Sanchez Real Sociedad Fundazioaren Itsaspeko sailaren zuzendariaren berbetan.

Zikloaren aurkezpenean Sanchez bera, Alberto Albistegi Eibarko Udalaren Ingurumeneko zinegotzia, Iñaki Osoro Eibarko Klub Deportiboko presidentea, eta Javier Escudero eta Arrate Eraso Klub Deportiboko Urpekaritza taldeko kideak egon ziren. Denek egin zuten ikus-entzunezkoak ikusteko eta bestelako jardueretan parte-hartzeko gonbitea, euren iritziz oso garrantzitsua delako itsaspean gertatzen dena ezagutzea, guztioi eragiten digulako.

Ikus-entzunezkoetara joateko sarrerak doakoak izango dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira Kutxabank bitartez edo Coliseoko leihatilan, astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era.

 

Txikizikloa

Zikloaren antolatzaileek kontzientziazio lana etxean hasi behar dela uste dutenez, umeentzako ekintzak antolatu dituzte hilaren 16 eta 17rako. 16an Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleentzat Txikizikloa egingo da Coliseoan. Bertan, aldez aurretik ikastetxeei emandako material didaktikoa landu ondoren, itsaspeko munduaren eta ingurumenaren inguruan jardungo dute.

Hilaren 17an, bestalde, Txikizikloa familian ekintza egingo da, haurrek eta gurasoek elkarrekin parte hartu dezaten. Saioa 12:00etan hasiko da eta sarrera librea izango da.

Ekintza honen bitartez, helburu ezberdinak lortu nahi dira. Alde batetik, ingurumenaren egoeraz jabetzea eta kontsumo osasuntsu eta arduratsuaren eta ingurune hurbilaren errespetuaren eta zaintzaren jarrerak garatzea, haren kudeaketan arduraz parte hartzeko. Bestalde, gure eguneroko bizitzan planetaren ongizatean eragina duten erabakiak hartzeko, ezagutza zientifikoan oinarritutako erabaki pertsonal eta kolektiboak landu nahi dira.

 

Argazki erakusketak

Arrate Kultur Elkartearen Topalekuan aurtengo CIMASUB-era aurkeztutako argazki onenen erakusketa, “mundu osoko itsaspe ezberdinetan bizi diren espezie harrigarri eta erakargarrienak modu bitxietan ikustera garraiatuko gaituzten 24 argazkirekin”. Abenduaren 18ra arte egongo da ikusteko moduan.

Klub Deportiboan, bestalde, Deporreko Urpekaritza taldekoen eta Real Sociedadeko kideen argazkiak egongo dira ikusgai abenduaren 31era arte.