Kalamua, Akondia eta Aizketa proposatu dituzte zentral eolikoak jartzeko eremu bezala
2023/01/05
11:01
eta kitto!
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) egiteko prozesua abiatu du eta, bere webgunean azaltzen den dokumentuaren arabera, EAEko 33 eremu zabal proposatzen dira zentral eolikoak egiteko, tartean Arrikurutz (Akondia), Aizketa eta Kalamua (PDFaren 59. orrian dago Eibarko planoa). Toki hauek “gune garbi optimoak” bezala identifikatu ditu txostenak, 2. mailan kokatuz; hau da, urtean 2.650 orduz baino gehiagoz lan egin ahalko luketen eolikoak bezala.
Berriak azaldu duenez, Jaurlaritzak udarako onartu nahi du LPSa, baina prozesu administratibo luzea gainditzeko hainbat mugarri ditu aurretik eta erakundeak zuzenketak egiten ari zaizkio LPSaren aurrerapen txostenari. Beraz, hedabidearen arabera, plangintza aldatzen ari da eta aldatuko da oraindik, azkenik onartu arte.
Berriaren arabera, prozesu administratiboa luzea eta korapilatsua da, LPSak eta lurraldea antolatzeko beste plangintza batzuek talka egin dezaketelako. Gainera, LPSak ezarritako eremuak udalerrien hirigintza araudietan egokitu beharko lirateke, lur eremu horiek erreserbatzeko, eta LPSan zehaztutako eremu horietatik kanpo ere sustatzaile pribatuek egokitzat jotako instalazioak egon daitezke.