Torrekuan instalatutako furgoneta batek airearen kalitatea neurtu eta kontrolatuko du

Torrekuan instalatutako furgoneta batek airearen kalitatea neurtu eta kontrolatuko du
2023/03/13 12:22
eta kitto!
Torrekuako parkean airearen kalitatea kontrolatzeko eta neurtzeko estazio bat jartzeko eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari.  Ibilgailua lau hilabete inguru egongo da leku horretan, eta, jasotako emaitzekin, txostena egingo da. Urtearen amaieran emango dira ezagutzera bertan jasotako ondorioak.

Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutako kutsadura-mailak zehazteko Udalak garatzen duen kontrol eta zaintza programaren parte da ekimen hau. Hain zuzen ere, azken urteotan horrelako unitate mugikorrak herriko beste toki batzuetan (Txaltxa Zelaian, Untzagan eta Urkizun) jarri dira, Udalaren Ingurumen Sailak Eibarko airearen kalitatea ezagutzeko egiten duen kanpainaren barruan.

Unitate mugikorreko analizatzaileek eta sentsoreek airearen kalitatearen arloko araudiak ezartzen dituen elementu kutsatzaileak neurtzen dituzte, hala nola sufre dioxidoa, nitrogeno oxidoak, ozono troposferikoa, karbono monoxidoa edo suspentsioko partikulak.  Gainera, parametro meteorologikoak neurtzen dira, hala nola haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa eta prezipitazioa.

Torrekuan estazio mugikorra jarrita, eremu horretako airearen kalitatearen ezaugarriak zehaztu nahi dira. Izan ere, inguru horretan, etxebizitzetatik gertu, industria-jarduerak eta trafiko handia daude. Ildo horretan, Udalak Eibar Precision Casting SL (EIPC) enpresari kea eta usain txarrak isurtzeari uzteko neurriak hartzeko eskatu dio orain dela gutxi, azken urteetan ke eta usain txar horiek inguruko bizilagunen kexa ugari eragin dituztelako. Azaldu dutenez, “iazko uztailean Udalak errekerimendua egin zion EIPC enpresari neurri zuzentzaileak har zitzan, aspalditik sortzen ari diren ke eta usain txarrik ez izateko. Neurri horien inplementazioa otsailean amaitu da eta iragazketa-ekipo batzuk jarri dira enpresaren instalazioen hainbat gunetan”.

Horrela, Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikorretik datozen hilabeteetan egingo diren neurketek eta kontrolek aukera emango dute inguruko enpresen isurketek airearen kalitatean eraginik duten jakiteko.