Jaia goizetik gauera Sanandresetan

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Jaia goizetik gauera Sanandresetan
ETA KITTO 2019, Aza 29

San Andres jaiak ospatzeko urtero antolatzen diren ekimenen artean, zalantza barik, Azokak garrantzi berezia izaten du beti. Aurten, gainera, San Andres eguna zapatuan egokitu da eta, beraz, egun horretan egiten den Azokak beste batzuetan baino jende gehiago erakarriko duela aurreikusi daiteke, besteak beste Eibartik kanpora lan egin edo ikasten duten askok jai izango dutelako.

 

Udalaren eskutik egingo den XLI. San Andres Nekazal Azokak 72 ekoizle bilduko ditu guztira. Horietako 34 bizkaitarrak dira, 24 gipuzkoarrak, 11 arabarrak eta beste hiru, berriz, nafarrak. Tartean Eibarko baserri bi egongo dira: Loixola baserria, barazkiekin, eta Sosola, ogiarekin. Aurreko urteetan bezala, Azokako postuak Txaltxa Zelai eta Untzaga artean banatuta egongo dira. Epaimahaiak 09:30ean hasiko ditu bere lanak, Azokara ekarritako produktu guztiak ondo begiratu eta gero kategoria bakoitzeko irabazleak aukeratu ahal izateko. Azokan salgai jarriko dituzten produktuen zerrendan honako hauek daude: barazkiak (17), frutak (3), ogia (21), gazta (19),Debabarreneko gaztak (2), eztia (6), txakolina (1); eta lorak (3). Eta banatuko dituzten sariak, berriz, hauek: 180 euro produktu bakoitzeko (barazkiak, frutak, eztia, ardi gazta eta ogia) lehenarentzat eta 120 euro bigarren geratzen direnentzat. Horrez gain, aurkezpen onenarentzat bi sari (150euro eta 90 euro) egongo dira eta Eibarko baserrien artean onenari 90 euroko saria emango diote. Eta, aipatutako horietatik kanpora, epaimahaiak 80 euroko aipamenak bana ditzake, egoki ikusiz gero.

 

Abereen erakusketa

Azokan salgai egongo diren produktuez gain, abereen erakusketa egingo da aurten ere. Azken urteetan egindakoaren bidetik, kalean erakusteko ekarriko dituzten animaliak Calbeton eta Barria Plaza kaleen artean egongo dira. Besteak beste, behiak, idiak, zaldiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak, hegaztiak eta untxiak ikusteko aukera izango da, denak gure eskualdeko baserrietatik (Sumendixa Goikua, Loixola, Mandiola Gainekua, Aritxulueta, Iturrua, Orbe, Mendigoitxi eta Arimendi) ekarritakoak. Azokarekin batera, San Andres egunerako egitarauan beste jarduera batzuk ere badaude. Eguerdian, 12:00etan hasiko da aizkolarien txapelketa, bikoteka: gazte txapelketan bi bikotek jardungo dute eta helduenean, berriz, hiru bikotek. Eta ordu berean hasiko da German Meabebasterretxea eta Mikel Mendizabal bertsolarien eta Jainaga eta Narbaiza trikitilarien emanaldia, Untzagan. Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako trikitilarien kalejira ere eguerdian abiatuko da eta 12:30ean ekingo zaio Plazara Dantzara erromeriari, Kezka Dantza Taldearen eskutik eta Jainaga eta Narbaiza trikitilarien musikaren erritmora. Eta goizeko jarduerak agurtu baino lehen, 13:00ean banatuko zaizkie sariak aurtengo lehiaketetako irabazleei. Eguerdiko etenaldia amaituta, jaiak arratsaldean jarraituko du: 18:00etan Plazara Dantzara erromeriaren beste saio bategingo da, Iruñako Gathubi musika taldearekin, Txaltxa Zelaiko karpan. Eta jaiegunerako plana luzatu nahi dutenek horretarako aukera paregabea izango dute, zapatu gauaren aitzakiarekin, Udalak kontzertuak antolatu dituelako: 23:30ean hasiko da EH Sukarra taldearen emanaldia eta, ondoren, Bad Sound taldeak jardungo duzuzenean, Untzagako karpan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »