Mikel Gorosabel ‘Norton’, E.H. Sukarra: “Gure musika beraien bizipenekin lotzen dutelako miresten gaituzte zaletuek”

Mikel Gorosabel ‘Norton’, E.H. Sukarra: “Gure musika beraien bizipenekin lotzen dutelako miresten gaituzte zaletuek”
2019/11/28 eta kitto!
E.H. Sukarra taldeak herrikideekin ospatuko du etzi bere 30. urteurrena. Eibartar askoren soinu-banda osatzen duten abestiak zuzenean joko dituzte Untzagan 23:30etik aurrera, San Andres egunari amaiera borobila emateko. Mikel Gorosabel ‘Norton’ abeslari eta gitarra-jolearen eskutik Eibarko talde enblematiko honen historiari buruz egin dugu berba.

EIBAR. LOS COMPONENTES DE EH SUKARRA: LOIOLA MADERA, MIKLE GOROSABLE Y CESAR TEJADA EN EL PARQUE JUNTO A LOS LOCALES DE ENSAYO DE LEGARRE.MIKEL ASKASIBAR.20191101 LOIOLA MADERA, MIKEL GOROSABEL ETA CESAR TEJADA. ARGAZKIA: MIKEL ASKASIBAR (2019)

- 1989ko urrian lagun batzuk Txontako lokal batean batzen dira musika jotzeko. Zerk piztu zuen gogo hori?

Txikitan musika ikasketak egin nituen, pianoa jotzen nuen, eta nire gauzatxoak egiten nituen pianoarekin eta abesten. 13 urte nituenean gitarra klasikoa oparitu zioten arrebari, eta etxean bakarrik geratzen nintzenean edo institututik txikarra egiten nuenean gitarra jotzen nuen. Hiru akorderekin hasi nintzen, baina denbora gutxian aurrerakada eman nuen eta kantuak sortzen hasi nintzen. Lagun batzuekin Sex Pistols entzuten genuen etxean. Batek bi makilekin butaka jotzen zuen bateria izango balitz bezala eta nik gitarra jotzen nuen. Gero, proiektu serioago bat hasi genuen eta lagun baten lokalera joaten ginen entseatzera, gitarra klasikoarekin eta bateria lanak egiten zuten kubo batzuekin. Nahiko prekarioa zen. 19 urterekin Ingalaterrara joan nintzen zazpi hilabeterako eta rock talde bat sortzeko asmoarekin bueltatu nintzen. Ingalaterrara joan aurretik nire anai Aitorrekin musika jotzen nuen, bera gitarra ikasten zebilelako, eta Ingalaterratik bueltan sorpresa hartu nuen berak Su Ta Gar taldearen sorrera nahiko bideratua zuelako. Kontzerturen bat jota zuten ordurako baita ere. Borxak (Arrillaga) Legarren zuen etxabe batean entseatzen zuten eta ikusi nuenarekin harrituta geratu nintzen. Demaseko maila zuten. Orduan, taldea sortzeko gogoa handitu zitzaidan, eta Cesar eta Facundo lagunekin Su Ta Gar-ekoei Txontan duten lokala eta musika-tresna batzuk eskatu eta horrela hasi ginen.

- Nondik dator E.H. Sukarra izena?

Taldea sortu baino lehenagotik nuen izena pentsatuta. Punk and Disorderly diskoan, punk talde ingelesen bilduma batean, U.K. siglak asko erabiltzen ziren (U.K. = United Kingdom, Erresuma Batua) eta ideia hori hona ekarri nahi nuen, U.K. E.H.-gatik aldatuz. Bestetik, taldearen izena Sukarra izatea pentsatu nuen, eta biak baturik E.H-. Sukarra geratu zen.

- Zer gogoratzen duzue zuen lehen kontzertuaz?

1990ko uztailean izan zen, Soraluzeko gaztetxean. Oso bizia izan zen eta jendeak bikain erantzun zuen. Gure ekimenarekin harrituta geratu ziren. Momentu distiratsua izan zen. Ezjakintasuna genuen, baina demaseko grina.

- Proposamen musikal berria eskaintzen zuen sasoi hartan E.H. Sukarrak?

Su Ta Garrek demaseko ezustekoa eman zuen heavy musikaren ildotik, eta guk joera punkyagoa eta melodikoagoa genuen.

- Urte gutxitan demaseko arrakasta izan zenuten. Nola kudeatu zenuten hori?

Nahiko modu axolagabean. Lehen kontzertuaren ondoren, 1991an, Hilbehera tabernara jotzera etortzen ziren talde batzuekin kontaktua egin genuen eta eurekin Berlinera trenez joan ginen maketa bat grabatzera. Hamar egun inguru egon ginen Berilnen eta, zortzi kantuko maketa grabatzeaz gain, zazpi kontzertu eskaini genituen. Oso sasoi produktiboa izan zen. Eibarrera itzuli ginenean Euskadi Gazteak maketa lehiaketa antolatu zuela jakin genuen eta ia azken egunean maketa bidali genuen, inongo pretentsiorik gabe. Irabazi egin genuen eta ateak zabaldu zitzaizkigun. Maketa horrekin eta IZ estudioan grabatu genituen beste sei abestirekin gure lehen lana irten zen, ‘E.H. Sukarra’, Esan Ozenkiren eskutik 1992an.

- Taldearen lehen hamarkada (1992tik 2002ra) oso emankorra izan zen (sei disko), baina hurrengo hamarkadan ez zenuten disko bat ere kaleratu. Zergatik?

Bigarren hamarkadan geldiunea egin genuen diskoei dagokienez, baina guk beti jarraitu izan dugu jotzen. Taldea laga genuela aipatu izan zen. “Oraindik jotzen duzue?”, esan izan digute. Sasoi batzuetan gehiago jo dugu eta beste batzuetan gutxiago, baina guk inoiz ez dugu utzi. Bigarren hamarkadan ez genuen ezer grabatu eta jendeak ahaztu egin gintuen.

- Gorabeherak gorabehera, 30 urterekin taldeak bizirik jarraitzen du. Zein da sekretua?

Musikarekiko zaletasuna. Lokalera joateak, entseatzeak... ilusioa egiten digu. Facundok orain dela urte batzuk laga zuen taldea, baina beste bateria-jole batzuk hartu ditugu, eta Cesar sasoi batean taldetik kanpo egon da, baina orain taldean jarraitzen du eta inoiz ez du trabarik jarri jotzeko.

- Talde barruan aldaketak egon dira, baina baita kanpoan ere (gizartea, musikaren munduan...). Nola egokitu zarete sasoi berrietara?

Nahiko nahasia izan da. Sasoi batean gure CD-ak ‘top mantan’ salgai ikusten hasi ginen. Gu haserretu egiten ginen eta lagunek barre egiten zuten. “Zure muturren aurrean zure lana lapurtzea gustatuko litzaizuke”, esaten nien. Pirateriaren arazo hori okerrera joan zen (Napster, Emule eta horrelakoekin), baina azken aldian sortu diren plataformekin ez dago pirateriaren hainbeste beharrik, Spotify moduko plataformekin edozein musika entzun daitekeelako diru gutxi ordainduta.

- Rocka duzue ardatz, baina bederatzi diskoetan hainbat estilo landu dituzue. Zein da E.H. Sukarraren esentzia?

Punk rock melodikoa da E.H. Sukarraren matrikula. Gure marka sendotuta dugula uste dut. Kanta berri bat egin eta edozeinek entzungo balu, nahiz eta gurea dela ez jakin, ezagutzen gaituenak E.H. Sukarraren abestia dela esango luke.

- E.H. Sukarraren zein disko da zure gogokoena?

Lehenengoarekin (‘E.H. Sukarra’), hirugarrenarekin (‘Garaien laberintoan’) eta bosgarrenarekin (‘Sua urtzean’) geratuko nintzateke. Azken bi diskoak konplikatuak izan dira, baina bat aukeratzekotan ‘Azken gezia’ hartuko nuke. Disko guztietan dago gure abesti enblematikoren bat. Bigarren diskoa (‘Irtenbide bakarra’) izan da gutxien ulertu den lana (nahiz eta jarraitzaileak izan), baina nahi izan genuena egin genuen. Lehenengo diskoaren arrakastaren ondoren, sudur-puntan jarri zitzaiguna egin nahi izan genuen. ‘Garaien laberintoan’, ordea, planifikatuagoa izan zen eta pop estiloa jorratzen hasi ginen, gaur egun jarraitzen dugun errezeta berdina. ‘E.H. Sukarra’ abestia ere nahiko poperoa da.

- ‘E.H. Sukarra’ abestia, adibidez, Euskal Herriko memoria kolektiboan iltzatuta geratu da, ereserkia izango balitz bezala. Nola sentitzen zarete horren aurrean?

Kontzertuetan publikoa gure kantuekin gozatzen eta abesten ikustea zoragarria da. Gainera, belaunaldi ezberdinak batzen dira. Gure zaletu gehienak 40 urteko hamarkadan dabiltza eta gure musika beraien bizipenekin lotzen dutelako miresten gaituzte. Bestetik, jende gaztea gure abesti berriak ezagutzen hasi da eta kontzertuetara etortzen da. Dibertsitatea dago gure publikoan.

- Zapatuan Untzagan joko duzue kontzertua. Etxean eta Sanandresetan. Berezia izango da?

Guretzat bai, duda barik, eta eibartarrentzat berdin izatea espero dugu. Gau polita pasatzea eta historia egitea nahi dugu. 30 urte hauetako abestiak joko ditugu, jendearen gustokoak eta gure gustokoak. Errepertorio anitza egiten saiatu gara. Ordu eta erdiko emanaldi bizia izango da zapatukoa. Guk esaten dugun moduan, “sobra gabekoa”.

- Iragan handia du E.H. Sukarrak. Nolako etorkizuna izango du?

Momentuz nahikoa dugu gaur egun dugun errepertorioarekin. Kontzertuak prestatzeko lokalera joan eta abestiak entseatzeko zeregina dugu orain. Ideia edo zirriborroak eduki behar dira disko bat sortu ahal izateko. Badugu zerbait, baina gehiago garatu behar dugu diskoa egin edo ez erabakitzeko. Denborari bere lana egiten utziko diogu eta ez dugu mugarik jarriko. Gauzak ondo egitea da garrantzitsua.

292 293 294 295 297 298 299