Eibar Rugby Taldea Espainiako Federazioak hartutako erabakiaren aurka azaldu da

Eibar Rugby Taldea Espainiako Federazioak hartutako erabakiaren aurka azaldu da
2020/05/02 eta kitto!
Espainiako Rugby Federazioak bertan behera lagatako txapelketei buruzko erabakiak hartu zituen atzo. Gizonezkoen kasuan Ohorezko Mailako eta Ohorezko B Mailako txapelketak amaitutzat eman zituen eta, ondorioz, txapeldunak eta mailaz jaitsi eta igo diren taldeak zeintzuk diren erabaki zituen, martxoaren 13an indarrean zeuden sailkapenak aintzat hartuta. Emakumeen kasuan, ordea, txapelketa amaitutzat eman arren, Ohorezko B Mailatik Iberdrola Ligara igotzeko play-offa jokatu beharko dela erabaki zuten. Hau da, egoerak lagatzen duen momentuan, Eibar Rugby Taldeak txapelketako beste hiru onenen aurka jokatu beharko du mailaz igo ahal izateko.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Eibar Rugby Taldea Espainiako Federazioak hartutako erabakiaren aurka azaldu da, emakumeen txapelketa jokatzea “inkongruentea, arriskutsua eta errespetugabea” delako. Talde eibartarra ados dago txapelketak amaitutzat emateko erabakiaren, beraz, ez du ulertzen zergatik gizonezkoen kasuan denboraldia guztiz amaitutzat ematen den eta emakumeek play-offa jokatu behar duten mailaz igotzeko. “Bidezko tratua eskatzen dugu”.

Emakumezkoen Eibar Rugby Taldeak partidu guztiak nagusitasun handiz irabazi ditu eta, Espainiako Federazioak gizonezkoen txapelketan erabakitako neurriak jarraituz, Eibarko taldeak mailaz igo beharko luke. Izan ere, gizonezkoen Ohorezko B Mailako Getxo RTk, ligako lehen sailkatuak, mailaz igotzea lortu du Federazioaren erabakiarekin. Gainera, emakumezkoen kasuan liga erregularra amaituta zegoen eta gizonezkoetan ez.