MICE. Arabako lautadatik datorren ahots indartsua

MICE. Arabako lautadatik datorren ahots indartsua
2022/12/06 eta kitto!
Miren Narbaizak orain dela urte batzuk laga zuen Eibar menditsua Gasteiz lauarengatik. Orain dela urte batzuk laga zuen, baita ere, Napoka Iria proiektua eta bakarkako bideari eman zion hasiera MICE proiektuarekin. Bakarka baina ez bakarrik, Joseba Baleztena musikari eta ekoizlea bidelagun baitu sormenez jositako bide horretan.

Lautada’ da MICEk kaleratu duen disko berria, Arabako paisaiari lotuta ondutako lana. Gakobeltz estudioan egin du grabazioa eta musikari askoren ekarpena izan du diskoak, lanari geruza ugari emanez.

‘Lautada’ disko digitala micenaiz.bandcamp.com webgunean erosi daiteke, baina badago fisikoan eskuratzeko aukera ere. Izan ere, biniloan kaleratu du mimoz egindako diskoa.

MICEren lan berria Durangoko Azokan erosteko aukera egongo da eta, horrez gain, Ahotsenean zuzenean joko du, Kokeinek egingo duen egun berean, abenduaren 9an, 20:20etik 20:50era. Hori bai, Narbaizak Berriari esan dionez, nobedade bezala, gitarra barik arituko da disko berriko kantuak aurkezten.