"Eibartik Eibarrera" hitzaldi-zikloa antolatu du Ego Ibarrak, herriaren 675. urteurrenean

"Eibartik Eibarrera" hitzaldi-zikloa antolatu du Ego Ibarrak, herriaren 675. urteurrenean
2021/08/31 09:12
eta kitto!
Eibarko hainbat elkarteren laguntzarekin,  "Eibartik Eibarrera" hitzaldi-zikloa antolatu du Ego Ibarra batzordeak udazkenerako, irailaren 16tik urriaren 28ra bitartean. Guztira zazpi hitzaldi izango dira,  beti ostegunetan, 19:30ean, jorratuko den gai bakoitzarekin lotutako herriko leku esanguratsuetan. Goiko argazkian, Javier Elorza historialaria (Argazkia: Felix Morquecho-El Diario Vasco)




Ego Ibarratik azaldu dutenez, "herriaren jatorriarekin lotutako leku batean hasiko da zikloa: Eibartar askok oraindik ezagutzen ez duten Azitaingo eliza antzinakoan, alegia".  Zikloari hasiera emateko, Javier Elorza historialari plaentziarrak “Eibarko lehenengo aztarna idatzia: hiri-gutuna” gaiaz jardungo du irailaren 16an , Azitaingo Behetarrak Batzordearen laguntzarekin.  Irailaren 23an, hurrengo ostegunean,  “Eibarko kapital sozialaren oinarriak” azalduko ditu Igor Etxabe ikerlariak Armeria Eskolan, Eskola bera baita herriaren kapital sozialaren ardatzetako bat. Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkarteak hartu du bere babespean hitzaldia.

Hirugarrena, irailaren 30ekoa, Eibarko Klub Deportiboak eta CCE-Eibarko Txirrindulari Elkarteak lagundutakoa,  Klub Deportiboaren egoitzan izango da. Hizlariak,  Jose Aranzabal Iraeta arkitekto eibartarrak, “La arquitectura de la bicicleta en Eibar” (Bizikletagintzaren arkitektura Eibarren) gaia azalduko du. Laugarren hitzaldia, “Eibarko Emakumeak”,  Arantxa Lasa Astola eibartar historialariak urriaren 7an emango duena, udaletxean izango da, andrazkoak herriaren ardatzean jarrita, Eibarko Emakumearen Mahaiaren eta Berdintasun Batzordearen laguntzaz.

Urriaren 14ko hitzaldia ere Armeria Eskolako Ikasle Ohien laguntzarekin antolatu da, eta Jesús Gutiérrez Arosa ikerlari eibartarrak “La revolución de octubre en Eibar” (Urriko Iraultza Eibarren) izango du hizpide, hain zuzen ere, 1934ko urrian Eibarren izan ziren gertakizunen lekuetako batean: Armeria Eskolan. Urriaren 21ean, Jose Antonio Azpiazu ikerlari oñatiarrak “Elkano eta Eibarko armak” gaia jorratuko du udaletxean, 1847an eraiki eta 1899 urtean udaletxe berria eraikitzeko bota zen Arma Fabrika edo Erregetxea zegoen leku berean, Akebaik lagunduta.

Eta amaitzeko, berriro ere herriaren hasieretara joanda eta Eibartik Eibarrera zikloari akabera emanez, Elena Barrena Osoro historialari eibartarra Azitaingo elizan arituko da urriaren 28an “Eibar y los caminos medievales” (Eibar eta Erdi Aroko bideak) gaiaz mintzatzeko, Behetarrak elkartearen laguntzarekin.

"Elkarlanean egindako hitzaldiok, herriko hainbat talde eta elkarterekin 675. urteurrenean batera aritzeko parada ederra eskaintzeaz gain, gure herriko historiaren zertzeladak ezagutzeko aukera emango digute", adierazi dute antolatzaileek.


)