[ERREPORTAJEA] Eibarko Antzerki Laborategia, sortuz sentitu eta aske izan

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
[ERREPORTAJEA] Eibarko Antzerki Laborategia, sortuz sentitu eta aske izan
ETA KITTO 2022, Eka 14

Talde anitza, enpatikoa eta kohesionatua sortu da Eibarren antzerkiaren inguruan. Irene Hernandok gidatutako Antzerki Laborategia haur txikia da oraindik, lehen pausoak besterik ez ditu eman, baina lehen urte honetan egindako lana izugarria izan dela ikusi genuen aurreko astean Coliseoko taula gainean. Oso pozik daude esperientziarekin eta hurrengo ikasturtean antzerkia egiten jarraitzeko asmoa daukatela adierazi digute.

Haurrek eta helduek hartu dute parte ikasturte honetan zehar Antzerki Laborategian (22 haur eta 32 heldu). Ekanaren 1ean talde guztiek egindako lana ikusteko aukera izan genuen Coliseo antzokian. Gehienentzat lehen aldia izan da eta hunkituta daude bizi izan duten guztiarekin. Irene Hernando aktore, zuzendari eta irakaslea oso pozik dago azken emaitzarekin, baina batez ere prozesua azpimarratzen du: “Garrantzi handia ematen zaio azken eguneko erakustaldiari eta oso ondo egon zen, baina garrantzitsuena prozesua da. Prozesu on bat ez badago, emaitza ez da hain ona izango.”

Errebal Plazan daukagu hitzordua Antzerki Laborategiko kideekin. Ikasturtean ikasitakoaren eta Coliseoko esperientziaren inguruan galdetu nahi diegu. Irene Hernandorekin hiru edo lau lagun etortzea espero dugu eta gure harridurarako dozena bat etorri dira! Baina ez da harritzekoa: Antzerki Laborategiak asko eman die, talde ederra sortu dute, eta herritarrekin partekatu nahi dute ikasi eta disfrutatu dutena.

Saioa Vega eta Luken Garcia haurren taldekoak dira. Saioak “Kolore-Kolore” antzezlanean hartu zuen parte Coliseoko erakustaldian, eta “Espaziora Bidaia!” izenekoan Lukenek. Ikasturtean lagun berriak egin dituztela eta Irenerekin antzerkiari buruzko gauza asko ikasi dutela esan digute. Interpretazioaren mundua asko gustatzen zaie eta jarraitzeko asmoa daukate. “Coliseoan hasieran oso urduri geunden, baina hasieran bakarrik, gero oso ondo pasatu genuen eta inoiz baino gehiago disfrutatu genuen”, esan digute pozik. Agian haur hauek orandik ez dituzte antzerkiaren onurak ondo ezagutuko (irudimena estimulatzen du, adierazpen-gaitasunak garatzen laguntzen du, gizarte-trebetasunak hobetzen laguntzen du, autoestimua indartzen du…), baina gauza bat argi eta garbi daukate: primeran pasatzen dute eta ondo sentitzen dira.

Gehiagorako gogoarekin
Helduen taldekoa da Elena Richard eta “Bizitza is Life” lanean ikusi genuen helduen saioan. “Lehenengo egunetik oso zoriontsua izan naiz Antzerki Laborategian. Terapia bat izan da: arazo eta kezka guztiak lagatzen ditut kanpoan jardueraz gozatzeko. Gainera, orain konfidantza gehiago daukat niregan. Lehenengo momentutik engantxatuta gelditu nintzen Irenerekin eta sekulako taldea osatu dugu guztion artean. Gehiagorako gogoarekin geratu naiz. Esperientzia izugarria izan da. Oraindik hunkituta nago Coliseoan egin genuenarekin, oso harro nago egin dugunaz”, azaldu digu Elenak.

Helduen beste proposamen bat ‘Clown Town’ izan zen eta, izenburuarengatik atzeman daitekeen bezala, clown teknika erabili zuten. Bertan ikusi genuen Koro Moso. Irundarra da, baina orain dela 30 urte bizi da Eibarren. Bere semeari beti gustatu zaio antzerkia eta Ermura eramaten zuen Korok. “Niretzako antzerkia beti izan da erronka bat, egiteko neukan zerbait, eta horregatik eman nuen izena Antzerki Laborategian. Ikaragarrizko esperientzia izan da, taldekideak ezin hobeak, eta irakaslea oso ona. Nahiko lotsatia naiz eta jendaurrean askatzen lagundu didate. Klaseak eta gero, gutako asko pote bat hartzen gelditzen ginen, eta elkar ezagutzeko aukera izan dugu”, dio.

Antzerkiak aske sentitzen eta garapen pertsonala hobetzean laguntzen du, besteak beste. Hori gertatu zaio Mikel Elorzari. Berak esan digunez, “hasieran beldurrez eta lotsaz hasi nintzen eta, egia izan, oso esperientzia polita izan da. Balio izan dit fisikoki ere askatzeko, gorputzarekin adierazten ikasi baitugu. Gelditzen naiz, batez ere, talde-giroarekin eta eman digun konfidantza eta askatasunarekin”. Esperientzia baliagarria izan dela dio Mikelek, eta herritarrak animatu nahi ditu antzerkigintzan parte hartzera.

Usua Bilbatuarentzat ere lehen aldia izan da: “betidanik izan dut antzerkirako grina, eta aukera aprobetxatu egin dut. Asko disfrutatu dut: jolastea izan da, berriro ere umea izatera bueltatzea eta lotsa galtzea”, esan digu. Euren artean sortu den giroa eta irakaslearen papera azpimarratzen du Usuak:”Irene pasada bat da, ez bakarrik aktore moduan; asko transmititzen du eta bazenekien, egun txarra izanda ere, handik pozik eta energiaz beteta irtengo zinela”.

Asteazkenetako txutea
Ioana Zabalbeaskoak txiki-txikitatik izan du antzerkia egiteko gogoa. Ama izan eta gero zerbait egin nahi zuen, eta betiko amets hori errealitate bihurtzeko unea zela pentsatu zuen. “Niretzako erronka handia izan da. Hasieran uste nuen ez nuela honetarako balio, baina, asteak pasatu ahala, asteazkeneko txutea bihurtu da. Konturatu naiz antzerkia izugarri gustatzen zaidala eta eszenatoki baten gainean nagoenean ni neu naizela. Taldea zoragarria da eta familian sentitu naiz”.

Visi Fariñasek ere betidanik izan du antzerkiaren experientzia bizitzeko gogoa. Visik azaldu digunez, “Irenek oso ondo eraman gaitu eta gure emozioak eta sentimenduak ateratzen oso ondo jakin du. Kristoren esperientzia izan da, errepikatzeko modukoa”.

Izaro Zubikarai eta Iker Machin helduen taldeko gazteenetakoak dira eta “Tok-Tok” antzezlanean bikain aritu ziren. Ikerrentzako ez da berria, betidanik egon delako sartuta aste eszenikoen munduan: “Oso esperientzia zirraragarria izan da, aske sentitu naiz eta barre pila bat egin dut, eta hori da niretzako inportanteena”. Izaro probatzeko sartu zen taldean. Oso ondo sentitu da, aukera bikaina izan da berarentzat. “Jende berria ezagutu dut. Lotsatia naiz eta antzerkiak lagundu dit ausartagoa izaten”, esan digu 17 urteko gazteak.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »